Irakaslea

Silvio Rodriguez eta lapurreta txikia

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Gazte nintzelarik, ez nintzen ni ikaslerik finena; tira, ezta zintzoena ere, aitor dut. Alabaina, banuen plastikako irakasle bat, goxoa eta bihotz onekoa izateaz gain, musika-gustu bikaina zuena. Izan ere, besteak beste, Silvio Rodriguezen diskoak jarri ohi zizkigun eskulanak egiten genituen bitartean. Eta nik, ikasle lotsabakoa baina musikarekiko hunkibera, kubatarraren ahotsak eragiten zidan zirrarak bultzatuta, irakasleari diskoa lapurtu nion.

Urteak joan urteak etorri, Silvioren doinuak eta hitzak barneratu nituen. Horrela, lehen ezinezko maitasunari, esperantzaren deiadarra luzatu nion: oxala. Gero, desamodioak negar-malkotan belaunikarazi ninduenean, kantu bat eman nion maiteari. Pixkanaka, adiskidetasunak adarbakar urdinaren forma hartu zuen, eta norbanakotik kolektibora bidean dagoen esfortzua eta sakrifizioa ikasi nuen, aroa bihotzaz erditu zenean. Azkenean, Silvioren hitzak iluntasunean sorturiko tximeleta bilakatu eta nigan hegaldatu ziren, bere kolore ederrenak denean barreiatuz. Haatik, maitasunez eta gizatasunez beteriko kantek agerian utzi zuten egindako lapurreta txikiari zerion zitalkeria, eta, hainbeste urteren ondoren, ezin gaindituzko kontraesanek bultzatuta, diskoa bere jabeari itzultzea erabaki nuen. Irakasleak sinetsi ezinik entzun zituen nire hitzak. Harridurak barreari bide eman zion, eta aspaldiko zenbait oroitzapeni hautsa kendu eta gero, elkar agurtu genuen.

Urte batzuk geroago, Silviok kontzertua eskaini zuen Bilboko Euskalduna Jauregian, Kubako Orkestra Sinfonikoarekin batera. Amarekin joan nintzen, noski, berak transmititu baitzidan Kantagintza Berriarekiko zaletasuna (berari ere diskoren bat edo beste lapurtu izan diot, ejem). Horrela, ilaran zain geundela, sorpresa ederra hartu nuen: han zen nire irakaslea! Barrez lehertu ginen biak, emozionaturik, bestela ezin zela izan jakinda. Elkarri besarkada estua eman eta hitz bakarrez agurtu genuen elkar: gozatu!

Duela gutxi Jon Maiak ezinezkoa zirudiena lortu du, gutako askoren ametsa egia bihurtuz eta euskal jendeari opari ezin ederragoa eskainiz: Silvio euskaraz kantatzen. Azkenerako, iragandako urteen nostalgiarik dudan ez dakit, baina, badaezpada, ikastolan giltzapean gordeko dut Kantu berri bat gara diskoa, ikasle kabroiren batek lapurtu ez diezadan...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.