«Haurrek eskubideak dituzte, eta helduok, eskubide horiek betearazteko obligazioa», dio Francesco Tonucci psikologo eta ikerlariak. Proiektuak helburu horixe du: Etxarriko haur baten eskubideak gauzatzea.
Hiru moduz urratzen dizkiote. Lehenengoa: ezin da aitarekin, Oihan Barandalla Goñirekin, bizi. Bigarrena: ez daki kalean noiz ikusiko duen, azalduta ere, ulertzeko gai ez delako. Hirugarrena, berrehun eta laurogeita hamasei kilometro egin behar ditu ikusteko eta, beste hainbeste, etxera itzultzeko. Ordu luzeak eman beharko ditu kotxean. Aita ikusiko duelako poza nekearekin, asperdurarekin nahasiko zaio. Egunak beharko ditu egunerokora egokitzeko. Bidaiaren nekeak desagertu egingo dira. Ezinegona, lotarako arazoak, urduritasuna, gogo aldarte aldakorra, erruduntasuna, espazioan kokatzeko zailtasunak, apatia eta neke orokorra, agian ez. Asteburutan egiten diren jarduera askotan ez du parte hartuko, haserretuko da agian, eta litekeena da haserre berak erruduntasun sentimendua piztea.
Diruaren afera: bidaietan gastatzen den dirua ez da haurraren beharrak eta nahiak asetzen gastatzen.
Errealitatea ezagutarazi nahi du Seme Proiektuak. Oihan Barandalla Goñik kantu bat atera du Lannemezan espetxetik. Gitarraz, harmonikaz eta ahotsez sortutako ideia abesti bihurtu dute hainbat musikarik. Oihanek semearen jaiotza nola bizi izan duen kantatzen digu.
Larunbatean, 12:30ean, Etxarriko Kultura Etxean abestia eta bideoklipa ezagutzera emango ditugu. Izan daitezela musika eta hitza egoera aldatzeko tresna. Ekitaldian, baita ere, gure elkartasun eta samurtasun guztia eskaini nahi diegu Etxarriko motxiladun haur guztiei (Asier, Unai eta Juan Ramonen seme-alabei). Denok izango zarete ongi etorriak!
ZUZENDARIARI
Seme proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu