Irakasle funtzionario izateagatik Eusko Jaurlaritzak ama bakar gisa diskriminatzen nauela salatzeko idazten dut. Kontua da urtebetetik beherako seme-alaba ardurapean duten guraso bakarreko familientzat diru-laguntza bat dagoela, eszedentzia hartzeko aukera ematen duena. Onuradunak kooperatibistak, autonomoak edo «besteren konturako langileak» dira, «Langileen Estatutua aplikatzen zaienak, administrazio publikoen zerbitzura diharduten lan-kontratuko langileak izan ezik». Hau da, langile publikoak laguntza horretatik kanpo uzten dira, sektore publikoan lan egiten dugun ama bakarrentzat laguntza baliokiderik ez dagoen arren. Horren ondorioz, Jaurlaritzak 24 asteko eszedentzia hartzeko eskubidea aitortzen die ama bakarrei, eszedentzia hasi aurreko hileko Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarria kobratuta, Jaurlaritzarentzat lan egiten duten ama bakarrei izan ezik.
Egoera horrek, kafkiarra izateaz gain, berdintasunerako eskubidea urratzen du eta diskriminatzailea da; horregatik, kexa bat jarri dut Arartekoan. Era berean, gertaera hori publikoki salatu nahi dut, eta, horregatik idatzi dut gutun hau.