Barkatuko didate sanfermin zaleek, baina ezin dut jai horrek zezenei dagokienean sortzen duten zaletasuna ulertu. Ezta jai horrek sortzen duen oihartzun mediatikoa ere. Ezin ditut ulertu goizean goiz jaiki, eta zezenen aurrean jartzerako egunkaria eskuan hartu eta santuari abestu ondoren, beroketa ariketa batzuk egin eta adar luze, zorrotz eta hilkor horiek dituzten animalien aurrean jartzeko gaitasuna dituztenak —kasurik onenean, asko gaupasaz jartzen baitira pizti horien aurrean—. Eta behin txupina botata, haien alboan, aurrean edo atzean ia kilometro bat korrika egitea ez dut ulertzen. Ez diot graziarik ikusten.
Sortzen duen ikusmina are ulergaitzagoa egiten zait. Animalia horien aurrean korrika egitea erabakitzen duenak adrenalina dosi berezia beharko du nonbait. Baina haiei begiratzeko goizeko 07:55ean iratzargailua jartzen dutenak ere ez dira gutxi. Eta egunean ez dakit zenbat bider ikus daitekeen entzierroa telebista kate batean zein bestean, beste gairik ez baita. Baina, zuzeneko emozioa izango da edo... Hura ikusi, txiza egin, gosaldu eta berriro ohera sartzen direnak ere ezagutzen ditut. Baina ezin ulertu.
Eta zezenetaz zer esan. Goizean azken korrika saioa egin, eta arratsaldean hiltzen dituzte zezen plazan.
Karrerak ederrak direla irakurtzen dut. Eta kazetariek entzierroen kroniketan gaiarekin gozatzen dutela somatzen dut. Sanferminak zezenak baino askoz ere gehiago izango direla pentsatzen dut. Baina zezenik gabeko sanferminak ezin eskatu ezta? Edo bai.
Zuzendariari
Sanferminei agur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu