Donostiako Udalak Parte Zaharreko zaborraren arazoari irtenbidea eman nahi dio. Zer ondo, salbatuta gaude! Horretarako, prentsan agertu denez, edukiontzi batzuk jarriko dituzte auzoko hamabi puntutan bizilagunek bertan utz dezaten zaborra. Ane Oiarbide (PSE) zinegotziaren esanetan, «espazio publikoa libratu» eta «auzoa garbiagoa» izatea da helburua.
Barkatu? Edukiontziak kendu espazio publikoa irabazteko? Auzoan espazio publikoa jaten duena ez dira edukiontziak, ostalaritzaren terrazak eta mahaiak baizik, eta baita —maila txikiagoan— denda batzuek kalera ateratzen dituzten panel eta erakustokiak ere. Esan, bide batez, terrazen ordenantza berri bat datorrela. Hor ere espazio publikoa libratzea da helburua? Ez dut uste.
Auzoa garbiagoa izateko, «mentalitate aldaketa» bat egin behar dugula dio. Egia da edukiontzien inguruak zikin egoten direla, poltsak kanpoan uzten direla, ordutegiz kanpo batzuetan, baina nik ez dut uste auzotarrok orokorrean ohitura txarrak ditugunik... Nork uzten ditu edukiontzietan (edo kanpoan) poltsa beltz erraldoi horiek? Nortzuk dira botilaz betetako edukiontzi berdeak husten aritzen direnak? Nork botatzen ditu bost-sei koltxoi astero? Ez dira bizilagunak.
«Ostalaritzakoek duten atez atekoaren antzekoa», dio. Edukiontzira joatea ez da, berak esaten duen bezala, atez atekoa, baina gainera, zinegotzi hau dirudienez ez da inoiz Parte Zaharrean ibili goizez: zabor poltsen artean bizi gara auzotarrok. Ostalariek atez atekoa dute, baina askok lehen orduetan ateratzen dituzte poltsak (asko eta oso handiak) eta han egoten dira kalean bi, hiru orduz, kamioia iristen den arte. Edozein kaletatik zoazela, dena zabor poltsaz beterik dago. Ostalariek ordutegi bat daukate gauzak ateratzeko, baina inork ez du hori kontrolatzen. Zenbateko zerga ordaintzen duten zabor horregatik guztiagatik? Herritarrok baino gutxiago.
Donostiako Udalarentzat, dirudienez, Parte Zaharrean premia handiena duen arazoa auzotarrok zaborrarekiko dugun «mentalitatea» da. Ez dute ikusten besterik, ez baitute inoiz aipatzen zarataren arazoa, turisten inbasioa, ostalaritzak biltegi bihurtutako lokal guztiak, prezioen igoera auzoan, urte osoan alokatzeko etxebizitzarik ez egotea, ordenantzen ez-betetzeen kontrol falta, suteak saihesteko tabernariei derrigorrezko inspekzioak ez ezartzearen arazoa...
Kontzientziazio kanpaina eta hiritarren konplizitatea eskatu ditu. Noizko udalaren kontzientziazioa eta konplizitatea Parte Zaharreko auzotarron bizi-baldintzak hobetzeko?