Sakana

Sakanaren etorkizunak trena behar du

Aitor Larraza Carrera, Jose Julian Garciandia Pellejero eta Arantxa Arregi Alberro
2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

Klima-aldaketaren eta emisioak murrizteko politiken testuinguruan, mugikortasuna aldatzen ari da. Datorren eredu berriaren ezaugarriak antzematen ari dira: mugikortasun iraunkorragoa, elektrifikatuagoa, ibilgailu pribatu gutxiago eta garraio publiko gehiago, garraio multimodala, mugikortasun aktiboa... Eta hori gutxi balitz bezala, hiriarteko garraioaren kasuan bultzada handia ematen ari zaio trenbideko garraioari. 

Politika horren erakusgarri dira hartzen ari diren konpromisoak eta egiten ari diren proposamenak, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan jasotzen den bezala, Iruñerriko tren-salgaien logistikan hobekuntzak egiteko eta Erriberan nodo logistiko berri bat eraikitzea aztertzeko konpromisoa. Horrez gain, aipagarriak baita ere, Adifen aldetik trenbide-autobideak bultzatzeko asmoa; Nafarroako tren sozialaren aldeko plataformaren proposamena; eta Arabako Foru Aldundiak berriki adierazi duen Gasteiz eta Altsasu artean aldiriko tren bat martxan jartzeko borondatea. 

Hori dela eta, Sakana 2027 Plan Estrategikoaren erakunde sustatzaileok positibotzat jotzen ditugu trenaren alde egiten diren proposamen horiek guztiak, lurraldea kohesionatzeko elementuak diren aldetik. Beraz, eta Nafarroa modu ekitatiboan garatze aldera, beharrezko ikusten dugu planteatutako neurri horiek guztiak gure eskualdean ere gauzatzea. Izan ere, Sakanan potentzial handiko trenbide azpiegitura bat dugun arren, gure jendarteak eta industria sareak XXI. mendean dituen erronkei eta beharrei erantzuteko azpiegitura honek inbertsioak behar ditu. 

Horregatik, dagozkion eskumenak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuari Sakanarako benetako trenbide-estrategia bat definitzera bideratutako prozesu bat sustatu dezala eskatzen diogu. Estrategia hau epe ertainera egingarria eta lurraldearen beharrei erantzungo liekeena izanik, ezinbestean eskualdeko eragile sozioekonomiko guztien adostasuna beharko luke. 

Sakana landa-eskualdea da, baina, aldi berean, oso industrializatuta dago, eta, beraz, gure herriek eta enpresek biziraungo badute, funtsezkoa izango da pertsonak eta salgaiak garraiatzeko bide egokiak izatea. Horregatik guztiagatik, gure ustez, bada garaia etorkizuneko ikuspegiarekin jardun eta lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala, iraunkortasuna eta bizi-kalitatea bultzatuko dituen tren sare egoki baten aldeko elkarlana abiaraztekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.