Saharako koloreen hodei semantikotik erortzen dira hitzak, eta okrea etorri zait niri burura. Basamortuko koloreen koreografiari segika, berriki Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan uholdeak izan dira. Okrez tindatutako Dakhlako kanpalekuan umeak ur uherretan dantzan aritu dira bozkarioz, pezozko horma pitzatuei soraio.
Zorionez, Dakhlan bertan duela urte gutxi batzuk Bubisher proiektuaren bidez eraikitako liburutegiak eutsi dio uholdeari eta ez du kalte handirik jasan. Izan ere, egoera zalditik astora eta astotik lurrera joanda ere, Saharako herriak aspaldi ikasia du deuseztatzen ez zaituenak gogorragoa bihurtzen zaituela, eta okrez zipriztindutako ume horiek gai dira kinka larrian ere jolas eta aitzina egiteko. Ume horiek dira Saharako loreak.
Zizeron handiak esana utzi zuen: «Si hortum in bibliotheca habes, deerit nihil», baratze bat baduzu liburutegian, ez duzula ezer gehiagoren beharrik; hortum elea uler bedi lorategia, berdegunea, ez soilik ortua. Bada, bide hori hasi gara lantzen proiektu berri baten bidez, basamortuko liburutegietan, lorategi edo baratze edo berdegune bat —geroak eta sahararrek beraiek erranen— eraikitzeko asmoz; Saharako Kabiak elkartetik alor hori jorratzen hasi gara, Bubisher proiektuaren txori alegerak pausaleku koloretsua izan dezan eta errefuxiatu kanpamentuetako liburutegiek izan ditzaten txoko berde babestu baten, okre kolore okerraren ordez, Sahara koloreak.