Idazlea

Ruper Ordorika Artzibarko Hiriberrin

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Iruñetik berrogei minutura, Artzibarrean, Hiriberri herri ttipia, bi dozena bizilagun dauzkana. Bertako emanaldira Ruper Ordorikarekin batera azaldu zen Martin Larralde, Ruperren emanaldietan sekula falta ez den lagun zaharra. Egia da beste lagun anitz ere agertu zirela, Hiriberrin jarritako karpa handiskoa betetzeko lain. 

Bihotz egoskorra izaki gurea, Artzibarrekoak ez ezik Agoizkoak, aetzak eta Iruñerritik eta are mugaren bertze aldetik hurbildutako Ruperzaleok bildu ginen; alde genuen garagarzaroko giro goxoa eta, aspaldixkotik iraganda ere, baita Haize Garizumakoa ere. 

Errudun sentitzen denik ere bada, sakelakoa autoan ahaztuta ezin izan zuelako irudirik edota bideorik jaso, eta gero lagun eta senideei matraka ematen ibili baita saioaren oroigarri bat izateko, zeren eta saioak grabatzea merezi zuen, eta autoa Hiriberrira heldu aitzineko azken bihurgunean utzia zuen sakelakoa ahantzita. Egin kontu: bertan bizi den lagun euskaldun batek baieztatu zidanez, Hiriberrin gutxitan bildu da horrenbeste auto, eta Hiriberriko jaietan ere bai.

Izen zaharrak eta lagun berriak entzuteko eta ikusteko giro ederra sortu zen emanaldian, eta Ruper Edertasunaz mintzo zitzaigun, baina ez soilik edertasunaz, maitasunez eta engaiamenduz ere bai: Zaindu maite duzun hori horren lekuko. Emanaldian ene belarri eta Ene begiek jaso zuten Fernando Pessoa poetaren heteronimo Aberto Caeiroren bisita, eta gero, Ruperrek Joan soseguz xuxurlatu zion, bidea emateko Dionisio Cañas poetaren Zerutik gertu ez da ondo egoten poemari eta eskaintza bat egiteko: Geratu zaitez nirekin. Gustura geldituko ginen, Ruper, baina bederatziak eta hogei abantzu ziren, saioa biribiltzeko tenorea, beraz. Etxahun Iruri xuberotarraren Ama Euskadi hautatu zuen emanaldia finitzeko, bis bakarra, maleruski, egin aitzin. 

Autorako buelta xamurragoa egin zitzaidan: aldapan behera zelako ala emanaldi gogoangarri bat gozatua nuen sentsazioa neramalako? Artzibarko Hiriberri, herri ttukun askoa, mendi ederrez inguratua, eta larunbat ezkero Ruper Ordorikaren emanaldi gogoangarri bat eman zen Artzibarko herri txiki polit hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.