Zuzendariari

Renfe eta euskara

Andoain.
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian bozkatzeko eskubidea berreskuratu genuenetik, gizarte kohesionatu bat eraiki nahi dutela esaten digute maiz gobernuan daudenek. Nik hori entzutean, gizarte elebidunari buruz hitz egiten ari direla pentsatzen dut, baina Renferekin pairatutako istiluaren ondoren, ez dut sinisten botere publikoek euskaldunok ditugun hizkuntz eskubideak bermatzen dituztenik.

Aste Santua hastear zegoenean, Andoaingo apeaderoko makinan txartel bat hartu nuen. Makinak gaizki itzuli zidanez xehea, Donostiako tren geltokira joan behar izan nuen erreklamatzera. Geltokiko arduradunari arazoa kontatzen hasi nintzenean, euskaraz ez zekiela erantzun zidan. Berarekin hitz egin ondoren, erreklamazio-orria betetzeko esan zidan. Euskaraz jasotzeko esperantzan, orriko galderei euskaraz erantzun nien. Erantzuna etxera iritsiko zitzaidala esan zidan arduradunak. Handik hamabost egunera, erantzuna iritsi zitzaidanean. Sor eta lur geratu nintzen, gaztelaniaz idatzita baitzegoen. Pare bat egun geroago, Donostiako tren geltokira joan nintzen diruaren bila. Nire txanda egokitu zitzaidanean, diruaren bila nentorrela azaldu nionean han zegoenari, berriro esan zidan, espainolez: «No entiendo el vasco».

Franco hil zenetik hogeita hemezortzi urte pasatu direnean, egoera hori zuzentzeko agintariengan itxaropen gutxi daukadanez, idazki honen bitartez Euskal Herriko Renfeko geltoki guztietan euskara erabiltzera animatu nahi ditut irakurleak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.