Zuzendariari

Pulpitoa eta independentzia

Iñaki Gezalaga.
Donostia.
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herria askatzeko orain arte erabilitako bi bideak, hau da, parlamentarismoarenak eta atentatuenak emaitza oso kaskarrak ekarri dizkigute. Bizitzan zein politikan, jokaerak errepikatuz, emaitza berberak lortzen dira.

Zertarako nahi ditu Amaiur taldeak Espainiak antolatutako hauteskundeetan lortutako emaitzak? Espainiako ordezkari guztien aurrean, oso diskurtso eta argudio sendo eta konbentzitzeko modukoak egiteko? Zenbat urte daramatzagu ezertarako balio izan ez duten hitzaldi zoragarriak eta ustez irabazitako eztabaidak egiten Madrilen? Ez al da heldu, dagoeneko, independentzia lortzeko beste bide batzuk adosteko garaia?

Pako Aristik ez du hori besterik proposatu: gure indarra beste modu batean erabiltzea. Josu Iribarrek, astearteko BERRIAn emandako erantzunak ez du inongo ekarpenik eskaintzen. Trufak, burlak eta isekak baino nahiago ditut nik, Pakok «pulpitotik» botatako sermoiak, nahiz eta «independentista bekataria eta inozoa» sentiarazi, etsaiarekin nola ez den jokatu behar erakusten badidate eta orain arte saiatu gabeko proposamenez ari bada.

Azkenik, herriaren independentzia nola ezin den lortu— hori frogatua dago— esaten duena, eta nola lortu litekeen— hori frogatzear badago ere— adierazten saiatzen dena, ez da «abertzale puru eta moral» bat; herri hau askatu nahi duen, eta horretarako egin daitekeenari buruz hausnartu duen abertzale hutsa baizik. Eta ez da bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.