Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa «beren interes partekatuak eta tokiko autonomia babestu eta sustatzeko» sortu zen. Laster komunikazio-arduradun bat hautatuko dute, gaztelania eta euskara menperatu beharko dituena.
Bada, PSN-PSOEk baztertu egiten du (ustekabea Sadarren!) lanposturako euskararen ezagutza eskatzea; «baztertzailea» dela diote, eta Nafarroako «borondatezkotasunetik eta errealitate soziolinguistikotik» euskararen aldeko apustua egiten dutela, baina ez dutela bat egiten «derrigorrean hori inposatzearekin», eta euskara-itzultzaile batekin nahikoa eta sobran badutela...
PSNk ez ditu aintzat hartzen eremu euskalduneko 64 udalerriak (eta eremu mistoko 98ak), NUKFrekin euskara normaltasun osoz erabiltzeko aukera izan beharko luketenak. Horretarako, komunikazio arduradunak, lehendakariak eta NUKFko gainerako taldeak euskara menperatu beharko lukete, gaztelania bezala.
Baztertzailea da, udalerri euskaldunek, parte hartzen duten erakunde bateko organo kudeatzaileekin harremanak euskaraz normaltasunez gauzatu ezin izatea. «Derrigorrezko inposaketa» da, udal horiek Nafarroako beste erakunde batzuekin gaztelania erabiltzera behartzea, are gehiago NUKFren kasuan.
«Borondatezkotasuna errespetatzea», euskaraz hitz egiteko eskubidea ere errespetatzean eta bermatzean datza, gaztelaniarekin gertatzen den bezala. Are gehiago, erakunde publikoen kasuan.
Errealitate soziolinguistikoa dinamikoa eta aldakorra da. Hain da horrela, ezen euskara, Nafarroako jatorrizko hizkuntza, XVIII. mendean ere nagusi zena, gutxiengoarena baita gaur egun, gobernu espainiarren (eta Nafarroako zenbaiten, egungoa bezala) setioaren eraginez.
PSNk aspaldi deklaratu zien gerra nafar herritar euskaldunei. Baita erakundeei ere. Badirudi, banderatxoa, Espainiako selekzioa, euskarafobia eta beste ezer gutxi geratzen zaizkiola baliabide ideologiko gisa.
PSN, eman arreta gertatu zaizuenari. Horretarako aukera aproposa izan daiteke uda.