Maiatzaren 8an, dantza ikuskizun eder bat Egia Gazteszenan: Prusik, La Intrusa Bartzelonako dantza garaikide konpainiak sortua. Emanaldian, zazpi emakume dantzarik hartu zuten parte, hiru dantzari konpainia berekoak eta beste laurak hemengoak, zehazki aukeratuak dantza pieza horretan aritzeko .
Emanaldia abiatu orduko, bete-betean barneratu nintzen oihan bateko animalia eta doinuak antzematen. Bertan, narrastiak arrastaka, landareak haizearekin mugimenduan... Aldi berean, hegaztiak edota euliak ere azaltzen ziren sorbaldan koloreanitzetako hegoak zituztela. Estalketak, kopulazioak, bi animaliaren artean egokitzen ziren noizbehinka.
Animalia bizipen horiek denak gertatu ondoren, gizakiak nagusitzen joan ziren, eta hitzen bat edo beste entzuten nindoala, pentsatu nuen... emanaldi hau bukatzera doa estanpa honekin: zazpi emakume eserita elkarri begira, eta irri eginez.
Bainan ez!, orduan loratzen dira maitasun besarkadak, muxuak... eta ustekabeko egoera arriskutsuak, zeinei aurre egin behar zien emakume taldeak. Eskerrak une latz horietan oso egoki plazaratzen den agertokian salbamendu soka bat ondo tenkatuta bi dantzariren artean, bakoitzak bere puntatik eutsita tira eta tira eginez, gainontzeko dantzarien lasaitasunerako.
Sartzen joan ziren dantza jokoan beste hainbat objektu. Dantzarien gerrikoak, lotzeko gorputzak, batasuna sustatu nahian emakume horien artean. Eta arropa jantzi eta erantziarenak, aniztasuna uzten zuela ikusgai. Azkeneko dantzari duetoarekin niri etorri zitzaidan burura Paradisoaren pasartea, Adan eta Eva bikotearena.
Amaieran, musika bizi-bizia entzun orduko, ikusleok ere, zazpi dantzariekin bat egin genuen eta gorputza nahigabe mugitzen hasi ginen besaulkian eserita. Gutxi falta zitzaigun agertokira beraiekin bat eginez dantzatzera joateko. Zinez diot: Prusik ekitaldia luzerako gordeko dut gogoan, oso esperientzia sarkorra izan zen.
ZUZENDARIA
'Prusik', gogoangarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu