Entzun izan dut inoiz malkorik zintzoenak aireportuek ikusten dituzten horiek direla. Baina pentsatzen dut beste malko batzuez ari zela hori esan zuena, eta ez nik opor hauetan ikusi ditudanez.
Malkoak izan ziren nagusi zenbait orduz Municheko aireportuan; haserre malkoak, neke malkoak, baita inpotentzia malkoak ere. Hegaldi batzuen atzerapenak ehunka pertsonak konexioak galdu eta aireportuan geratu beharra eragin zuen, helmugara (oporretara) iritsi ezinik, kaosa leherraraziz.
Garrasiak airean zirela, hamaika lagun noraezean zebiltzan norbaitek arazoa berehala konponduko ziela sinetsi nahian. Elkar laguntzen zuten kaltetuek, etsai bakarra jarriz jopuntuan. Batzuk hizkuntza arazoak zirelako tartean, eta besteak urduritasuna baretu ezin zutelako, baina guztiak zeuden lur jota. Hotelak, autobusak, autoaren alokairua, irteerak eta turrak, dena galduta. Beharbada, kostu ekonomikoa duena galtzea gutxienekoa da, bada-eta inortxok bueltatuko ez diguna: denbora. Bai oporrak prestatzen igarotako denbora eta bai aireportuan kexa eta erreklamazio artean galdutakoa.
Dena den, arrazoiak arrazoi eta kalteak kalte, ni gehien harritu nauena jendea muturreko egoeretara zeinen erraz irits daitekeen ikustea izan da, norberaren ongizateaz ari garenean jakina.
Argi dago hilabeteak daramatzagula opor horiek antolatzen, laneko azken eguna noiz iritsiko zain eta esfortzu ekonomikoa dugula egina. Eta, noski, defendituko dut aisialdiak zein atsedenak pertsona ororen eskubide behar lukeela izan. Baina, beharbada, aireportuko ordu hil horiek hausnarketarako irteera puntu gisa balio dezakete, ez baldin badakigu arazoak erlatibizatzen oraindik ere; finean, lehen munduko pribilegiodunon arazo bat baino ez baita.