Enrique Maia jauna eta konpainia Iruñeko Udaleko gobernuan sartu ziren proposamen askorik gabe eta inolako aurreikuspenik gabe, baina helburu argi batekin: beren aurrekoek abian jarritako guztia desegitea, besteak beste, haur-eskoletako plantilla egonkortzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko emandako pausoak.
Horretarako, haien lehen ekintzetako bat izan zen aurreko gobernu-taldeak bultzatutako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetzea. Horren ondorioz, euskarazko kontratazio-zerrendak agortuta daude gaur egun, ez dago egunerokoan sortzen diren ordezkapenak egiteko euskara-eskakizuna duen hezitzailerik. Maiak eta haren taldeak bi urte izan dituzte personal faltaren arazoa ikertu eta hari konponbidea emateko; ez dute hala egin, ordea. Beraien erabateko aurreikuspen falta honen aurrean, eskaini duten irtenbide bakarra eskoletara euskara eskatzen duten lanpostuetara euskara-eskakizunik gabeko jendea bidaltzea izan da.
Azken asteetan jakin dugu egoera hau gertatzen ari dela euskarazko murgiltze eredua duten eskola guztietan. Beste behin ere, udal gobernu honek gure hizkuntzarekiko duen ezinikusia eta gutxiespena agerian geratzen da ikasgeletan, txikienei, haien familiei eta eskoletako langileei eraginik; euskarazko eskaintza eskasa eta horrek euskarazko eredua hautatzen dutenei jartzen dizkien oztopoak gutxi ez balira, hizkuntza-eskakizuna eta familiek egindako hautua gutxietsi egiten dituzte. Aski da euskarafobiaz, utzi gure eskubideak zapaltzeari!
LAB sindikatutik gai hau oso larria dela salatu nahi dugu; Maia jauna eta bere taldea prebarikatzen ari dira, jakinaren gainean araua hausten ari baitira. Eta, beste behin ere, kaltetuak familia eta langile euskaldunak dira. Ez dute lotsarik.
ZUZENDARIARI
Prebarikazioa Iruñeko Udalaren haur-eskoletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu