Gezurra ematen du, baina hala da; Portugaleten Olentzero euskaldunik ere ez dugu!!! Alkate berria dugunetik euskararen kontrako jarrera sutsurik ez dugu ezagutu, baina modu sotilean etengabe ari dira gure alkate maitea eta ingurukoak geure hizkuntzaren aurka. Oso ondo landuta daukate publizitate gaia, baina euskararen aldeko ekintzak benetan bultzatzeko garaia ailegatzen denean trabak baino ez ditugu ezagutu Portugaleteko euskaltzaleok.
Azkena, eta urtero errepikatzen den legez, Olentzeroren etorrera da. Alabak dauzkadanetik, urtero jaisten naiz goizez udaletxe ingurura Olentzeroren etorreraz gozatzeko, eta, urtero legez, sekulako haserrearekin bueltatzen naiz hango egoera ikusitakoan. Olentzero Portugaleteko dantza talde bateko gizon bat izaten da. Ez daki euskaraz, noski, Portugaleten ez baitago euskaraz dakienik! Buruz ikasitako hiru esaldi botatzen ditu, eta agur esan ostean barrura sartzen, abestu ere egin gabe. Gero, udaletxetik jaisten denean, erdaraz hitz egiten du umeekin, klaro. Alkateak geure Olentzero erdaldunak baino hitz gutxiago egiten du. Umeen aurpegiak ikusi behar! Hori tristura! Nola ba ez dituzte erregeek jarraitzaile gehiago edukiko!
Olentzeroren kondaira ezagutzen al dute geure umeek? Eta udal gobernukoek? Jakitun al dira Olentzero eta euskararen artean dagoen harremana? Baten batek esango du esfortzu nahikoa egiten duela gizon koitaduak. Ni ez nator bat. Beraz, ea hurrengo urteari begira egoera aldatu ahal dugun.
Zuzendariari
Portugaleten, Olentzero euskalduna nahi dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu