Norbanakoaren iritzia adierazteko aukera bermatua izatea, adibidez, manifestazio bat antolatuz, giza eskubide bat izateaz gain demokrazia indartzen duen elementua ere bada. Baina zeintzuk izan litezke giza elkarretaratze baketsu bat istilu bortitzetara eraldatu ditzaketen faktoreak?
Istilu batzuen jazoera ulertzea izugarri konplexua izan liteke. Badira istiluen probabilitatea areagotu dezaketen oinarri batzuk: ezberdintasuna, segregazioa, bidegabekeria, diskriminazioa, herritarrek agintarietatik pairatu dezaketen askatasun eta eskubideen urraketa.
Bestalde, badira nahiz eta giza elkarretaratze bat istiluetan bukatzeko beharrezko osagai guztiak izan, modu baketsuan bukatu diren manifestaldiak. Beraz, istiluak sortu ditzaketen eragile zehatz batzuk ikaragarri iheskorrak izan daitezke. Horretaz gain, garrantzitsua da gogoratzea badaudela ikerketak erakusten dutenak poliziaren jarduerak istiluetan eragin dezaketela.
Garrantzitsua da baita ere polizia operazio arduradunei, erabakiak hartzeko orduan, aurreko istiluek nola eragin diezaieketen galdetzea.
Izan ere, zeintzuk dira orain dela bi-hiru hamarkada gomazko pilotak erabiliz herritarrak erailtzeraino jardun zuen ertzaintza eta egungo ertzaintza parekatzen dituen ezaugarriak?
Azken asteetako gertakariek adierazten duten bezala, eta nahiz eta jendetza batek ertzaintza masa homogeneo bat bezala identifikatu dezakeen, ertzainek aldi berean etsai homogeneo baten aurka oldartzeko egiten duten ahalegina begi-bistakoa da. Horren ondorioz, nahiz eta jasotako liskarrekin inolako harremanik ez izan, Donostian emakume bat ospitalean larri dagoela jakin berri dugu, ustez Ertzaintzak jaurtitako foam bala baten ondorioz. Xuhar, begia galtzeko zorian izan da, eta abar eta abar.
Autoritateak legez herritarren aurka indarkeria erabiltzeko eskubidea onartua duenez, ikerketa zorrotzagoak aurrera eramateko baldintzak existitu behar dira. Ertzaintzaren garapenari onurak ekarriko dizkion ikerketez hitz egiten ari gara.
Gehiago esatera ausartuko naiz. Polizia eredu demokratikoago zein komunitarioago bat behar dugula sinesten dugularik, etorkizuneko euskal polizia berriek beraien formakuntza Euskal Herriko unibertsitate publikoetan burutu beharko luketela iruditzen zait.
Eusko Alderdi Jeltzaleko alderdiburuek erakunde publikoetako langileei beren lanpostuetan independentzia osoz jarduteko askatasuna bahitu diete. Horrela, azken gertakari bortitzen harira, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aldi berean historialari, politologo, jurista zein kriminologo bezala hedabideetan askatasun osoz hitz egin dezakeela aditzea normala iruditu dakiguke. Baina jarduera horiek, herritarren adimena iraintzeaz gain, demokraziari kalte izugarria egiten diotela ulertzeko garaia heldu da.