Ez naiz inoiz medioetan hitz egitekoa izan. Ez horixe! Behin edo behin entzun izan da nire ahotsa, baina beti osasunarekin lotutako gai baten bueltan. Idatzi ere gutxi, nire ikasleen ametsik gaiztoenetan erabiltzen dudan testuren bat kenduta. Gure etxean idazlea ondokoa da beti, eta ni pozik bizi izan naiz anonimatuan. Hori, seguru asko, aitarengandik heredatu nuen: «Ez konplikatu bizimodua». Gaur arte.
Aihertsua ere ez nuke esango naizenik; barkatzen badakit, eta ez dut gorrotoa lagun. Baina, topikoa bada ere, ez dut erraz ahazten nork, noiz eta nola egin didaten eraso, badaezpada.
Halarik, memoriarena ez nuen aitarengatik heredatuko. Seguru. «Eta zu nor zara?», galdetu zidan Gabon Zahar egunean, pintxo goxoa eta ardoaren ordez zurrutada zuku hartu bitartean. Negar egin nuen. Hamaikagarren aldiz aurten. Hain da krudela garunetik maiteak, muxuak eta zoriontasun une oro ezabatzen dizkigun gaitz madarikatu hori! Heriotza baino krudelagoa, aitari agur esateko aukera kendu baitit aspaldian. XXI. mendeko izurritea omen da. 85 urtetik gora bitik batek pairatuko du, adituen ustez; eta nahiz eta tratamendu eraginkorrik ez egon (industria farmazeutikoak barka nazala egia esateagatik), badirudi garrantzitsua dela diagnostiko goiztiarra egitea. Horretarako hainbat test erabil ditzakegu medikuok kontsultan. Politikari katalan baten istorioak famatu egin zuen Minimental izeneko testaren zati bat orain urte batzuk zineman: Pezeta, zaldia, sagarra.
Zeu ere, test horren beharrean ez ote zauden pentsatu dut zure hitzak telebistan entzundakoan: «Ezker Abertzaleak presoen kaleratzea atzeratu nahi du, hori baita bere estrategia». Nola azaldu bestela orain dela 25 urte presoen dispertsioa bultzatu zuen partiduaren bozeramaileak halakorik esatea? Errepikatu bada, Egibar jauna, pezeta, zaldia, sagarra.
ZUZENDARIARI
Pezeta, zaldia, sagarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu