Gogoko dut perretxikoak biltzea, eta, horregatik, eremu mugatuetako araudi asko irakurri ditut. Denak oso antzekoak dira, eta, besteak beste, honako puntu hauek arautzen dituzte: egunean onartutako biltzaile kopurua, masifikaziorik ez egoteko; kasu batzuetan, bertako biltzaileek kanpotarren aldean dituzten abantailak; beste eremu batzuetan, baimena lortzeko ordaindu beharreko zenbatekoa, eta abar.
Baina leku bateko araudia erabat berezia da, eta, neurri batean, ez dator bat besteekin. Bertizaranan (Nafarroa), Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean aplikatzen dute araudi hori.
2.000 hektareatik gora du parkeak, eta, gaur egun, Foru Erkidegoko gobernuarena da. Bertako araudiaren arabera, inguruko biztanleek soilik bil ditzakete perretxikoak toki horretan, eta bere autokontsumorako. Kanpokoek, batere ez, erabat debekatuta daukate.
Sinestezina. Ez dut horrelako araudirik ezagutzen, eta are gutxiago jabetza publikoko mendi batean.
Hauxe esan nahi nizueke gai horretaz arduratzen zaretenoi Nafarroako Gobernuan: uste dut Bertizko Jaurerriaren araudia aldatu beharko zenuketela alderdi horri dagokionez, perretxiko biltzaile guztiek, bertakoek eta kanpotarrek, sartzeko aukera izan dezaten, araututa noski, masifikaziorik ez gertatzeko, ia leku guztietan egiten den bezala (Nafarroako Foru Erkidegoan ere bai), bertako mendien kontserbazio ona arriskuan jarri gabe.
Eta horrela egokituko ginateke gaur egungo garaietara, non esklusibismoak ez diren, hain zuzen ere, erreferenterik onenak jarduera bat arautzeko; are gutxiago, jarduera hori leku publiko batean egiten bada.