ZUZENDARIARI

Pentsioak eta fiskalitatea

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Lakuak dirua soberan dauka, 589 milioi 2017an. Badakigu Lakuak pentsiodunok erreklamatzen duguna ordaindu dezakeela, pentsioak 1080 eurora arte osatzeko hainbat diru, alegia. Diru gehiegi omen da. Hori diote beti. Aurrekontuak negoziatzean, hitz gezurtiak erabiltzen dituzte. Zifrak mitifikatuz, ezin direla aldatu diote: «Ez dago dirurik. Hemen dago guztia. Zifrak guztiz doituak daude». Eta horrela gobernu denak. Azken aldi honetan, Eusko Jaurlaritzari dirua sobratzen zaio urtero, aurrekontua ez duelako gastatzen. Beren likidazio ofizialaren arabera, 2017ko abenduaren 31n, Lakuak tesorerian 589 milioi euro zeuzkan libre, erabilgarri, urte horretan eta aurrekoan sobraturik. Dirua badago. Beste kontu bat da borondate politikorik ez dutela.

Fiskalitatea eta pentsioak oso lotuta daude. Aberastasuna banatzeko tresnak izan behar dute biak. Fiskalitatearekin baliabideak bildu eta, besteak beste,pentsioen bidez banatzea da kontua. Helburua, aberastasuna banatzea izanik, zenbait datu errepasatuko ditugu. Zenbat diru biltzen da Gipuzkoan urtero zerga-bidez? Azken urtean, 2017an,4.670 milioi euro bildu ziren. Hona hemen nola:

Pertsona Fisikoen Errenta Zerga, 1.656 milioi.Sozietateen zerga (enpresak), 275 milioi. Balio Erantsiaren Zerga (BEZ-IVA), 1.985 milioi. Aberastasun eta Fortuna Handien zerga, 67 milioi. Hidrokarburoen zerga, 419 milioi. Beste hainbat zerga, 156 milioi. Gipuzkoan diren zerga guztietatik %77 langileok ordaintzen dugu. Enpresek %6 eta aberatsek %1,5. Araban 2.303 milioi bildu ziren iaz. Bizkaian 7.500 milioi eta Gipuzkoan, esan bezala, 4.670 milioi. Beraz, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) 14.473 milioi euro bildu ziren 2017an.

Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak badute ahalmena euskaldunon pentsioak gutxieneko maila onargarriraino osatzeko. Europako Karta Sozialak 1.080 eurotan finkatu du gutxieneko pentsio onargarria. EAEko pentsiodun guztioi gutxieneneko 1.080 euroko pentsioa bermatzeko 358 milioi euro bakarrik beharko lituzkete urtero, gaurko kalkuluen arabera. Nola lortu 358 milioi hauek 1.080 euroko pentsioa bermatzeko? Hona hemen aukera batzuk: a)Eusko Jaurlaritzaren urteroko Aurrekontutik (14.473 milioi) 358 milioiko partida bat pentsioak osatzeko bideratuz, lehentasun gisa. b) Enpresek eta aberatsek ordaindu behar dituzten zergak neurri batean igoz, beraien gaurko ekarpena minimoa delako (%7,5). c) Euskal Unibertsitateko adituen arabera iruzur fiskala dela medio 2.500 milioi inguru galtzen dira urtero. Diru-sarrerak efikazago kudeatu beharra dago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunetan dirutza handien iruzurrak ekiditeko. Fiskalitatea egoki kudeatuz gero, euskal pentsiodun guztioi 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea oso posible da. Borondate eta lehentasun kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.