Pare bat hilabete pasatu da Pello Apezetxea Zubiri zendu zenetik. Haren heriotzaren berri ematerakoan batez ere idazle, etnologo, ikerlari edota ohorezko euskaltzain gisa egin zuen bidea aipatu izan dira, eta merezimendu osoz gainera.
Harekin euskalgintzan aritu ginenok, ordea, bertze alderdi garrantzitsu bat nabarmendu nahi genuke: Pello euskaltzalearena.
Bortzirietan 80ko hamarkadan loratu zen herri mugimendu bizi eta dinamiko hartan funtsezko kide izan zen. Mugimendu haren eginahalei zor diegu Ttipi-ttapa aldizkariaren, Bortzirietako euskaltegiaren eta kultur ekimen gogoangarri zenbaiten sorrera.
Horrez gain, Pellori eta talde hartako kideei zor zaie Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorrera bera ere. Gaur egun hainbertze aldarrikatzen den instituzioen eta herri mugimenduen arteko elkarlana hasieratik argi ikusi zuen euskaltzale kuadrilla hark. Eta azken hogeitahamar urteotan Bortzirietako herri bakoitzean hortxe aritu dira euskara batzordeak, elkarlanean paratuz udalak, herri mugimenduak eta herritar euskaltzaleak. Pello hor izan zen beti, sorreran ez ezik, ibilbide osoan ere, Etxalarko Euskara Batzordean nahiz Aholkularitza Batzordean.
Euskaltzale sutsu izan zen. Literalki uler dadila gainera, sutu egiten baitzen, ukabilak estu, begiak kartsu eta odola bor-bor, euskararentzat hartzen ziren neurriak edota jartzen ziren baliabideak eta sosak behar bezainbertzekoak ez zirenean. Horixe izan liteke utzi zigun leziorik garrantzitsuena: inoiz ez dira aski euskararen garapenerako jartzen diren bitartekoak. Ez ditugu ahazteko Erretorenean ordu txikiak arte luzatzen ziren bilera haiek. Taldetxo hori egiazko eskola izan da guretzat; euskalgintzari, herrigintzari eta lehentasunei buruzko eskola.
Iazko udaberritik Bortzirietako euskalgintzan gogoeta betean aritu gara. Azken hiru hamarkadotako formula agortutzat jo eta bide berri bati ekin diogu. Denbora horretan Pello itzaltzen joan zaigu. Gogoeta prozesuaren berri izan bazuen ere, ez zuen aukerarik izan eskualdeko Bor-bor euskaltzaleen mugimendu berriaren sorrera eta aurkezpena ikusteko.
Maiz aditu genion Pellori izena duenak izana baduela dioen errana. Hortaz, segi dezala odolak Bor-bor.
ZUZENDARIARI
Pello Apezetxea Zubiri euskaltzalea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu