Esan behar dut harritu egin ninduela Nafarroa Oinez-en, Elizondon, zure hitzalditxoan adieraziak. Baina bihoazkizu nire zorionak, dudarik gabe, eskainitako gorazarrea merezi baituzu.
Badakit bost minutuko mintzaldia mugatua dela, baina nahi zenuena aipatu zenuela begitandu zitzaidan. Euskararen estandarizazioan hiru esparrutako lagunen lana goraipatu zenuen, bereziki, egindako ekarpena funtsezkoa izan zelako: Garaikotxea buru zuen EAJren gobernuarena, Euskaltzaindiarena eta idazle-taldearena. Horrela izan zela iruditzen zait. Baina kontua da zer ez zenuen aipatu; hortxe gakoa.
Zu baino lehenago, Elizondoko bederatzi irakasle omendu zituzten, eta euren eledunaren hitzak datozkit gogora: omendu behar gintuztela jakitean galdera bat etorri zitzaidan burura. Gu? Zergatik? Zergatik ez gurasoak, prozesu berritzaile honetan euren seme-alabak jarri zituztenak konfiantza guztia erakutsirik?
Kontua da euskararen biziberritzearen kontakizunean, nire ustez, ezin dela ahantzi herri-ekimenetik egindako ekarpena. Ezin dugu saihestu herritarren multzo batek hasieratik emandako babesa, egindako lana. Ez ginateke gauden tokian egongo herritarrek ez balute euskararen berreskuratzearen prozesuaren alde egin. Badakit hizkuntzalari eta idazleen lana eta kudeatzaile politikoena beharrezkoa dela. Baina hirugarren hanka ere beharrezkoa ikusten dut, ekintzaileen eta herritarren lana.
Ez zitzaidan gustukoa egin hirugarren erroa ekiditea. Errespetuz esaten dizut. Bereziki egoera horretan herri-ekimena saihestea egin zitzaidan latza. Badakizu zergatik? Hiru argumentu emango dizkizut. Batetik, horrela izan zelako; ezin izango genuen hasi diktaduraren garaian herri-ekimenik gabe. Bestetik, badelako garaia belaunaldi berriei prozesuaz hitz egiteko eta euskararen biziberritzearen esperientziaz hausnarrarazteko, eta horretarako kontakizuna bere osotasunean egin behar dugu. Zer egingo dute, bestela, gazteek entzuten duten kontakizunean eliteek egindako lana baino ez bada aipatzen? Eta azkenik, kanpora begira ere aritu behar dugulako, eta euren hizkuntzak gurearen egoeran dituztenei eta putzu beltz horretatik atera nahian dihardutenei mahaiak hiru hanka dituela esan behar diegu. Bestela baliteke porrotera abiatzea eliteen lana baino ez badute planifikatzen eta bultzatzen.
Ez nizuke hau idatziko honen haraindikotasuna ikusiko ez banu, sumindutako lagunak ere entzun bainituen Elizondon.
ZUZENDARIARI
Pedro Miguel Etxenike jaunari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu