Leitza

Pediatra, osasun arreta eta landa eremuaren hustutzeari buruz

Maite Barinagarrementeria
2024ko apirilaren 3a
13:00
Entzun

Ana M. Puig Arrastia andereari, Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordeari. Eta Nafarroan gai honen inguruan erabakiak hartzeko gaitasuna duen komunitate politiko guztiari.

Puig anderea, Leitzako Osasun Etxean pediatria zerbitzurik ez egoteagatik Osasunbidea – Servicio Navarro de Salud-en jarritako erreklamazioari eman diozun erantzunean agertzen diren zenbait puntu argitzeko zuzentzen natzaizu, eta prentsa erabiltzen dut horretarako, beste biderik ez dudalako zurekin harremanetan jartzeko.

Zure erantzunak argi uzten du gure haurrek bizi duten egoerari buruz ez duzula ideiarik. Zure erantzunean zera diozu: «Prozedura bat martxan jarri da osasun etxeko pediatriako erizaintza zerbitzua, zonako familia medikuak eta San Martin Zentruko Pediatria Zerbitzua baliatuz, haurrak ahal den modu egokienean artatuak izan daitezen». Eta ez, Puig anderea, ez, gure haurrak ez daude ez ongi ez gaizki artatuak, artatu gabe daude!

Pediatriako erizaintza zerbitzua, erizaintza zerbitzua da. Guk dugun erizaina, izan genezakeen hoberena izanda ere, erizaina da, ez pediatra. Utzi behingoz erizainak medikuen lana egin dezaten behartzeari.

Familia medikuak ez dute pediatrian eskarmenturik, eta gure haurrek beraien adinean izan ohi diren osasun arazoak ezagutzen dituzten medikuak behar dituzte. Are gehiago, gure osasun etxeko familia medikuak lanez lepo daude, ezin dituzte haurrak ere beraien gain hartu.

Eta San Martin Zentruko Pediatria Zerbitzua aipatzen duzu, baina oker zaude oso. Gure haurrak ez dituzte Pediatria Zerbitzuan artatzen, Pediatriako Larrialdi Zerbitzuan baizik. Eta ez da gauza bera. Larrialdietan ez da gaixotasunen jarraipenik egiten, ez dago prebentzio medikuntzarik, ezta gure haurren osasuna bermatzeko beharrezkoak diren beste hainbat zerbitzu ere.

Hau ez da osasun arreta, Puig anderea, hau momentuko arazoari partxea jarriz aurrera egitea besterik ez da. «Prozedura» paperean polit eta txukun geratu zaizue, baina errealitatean ez du ezertarako balio.

Zazpi urteko semea dut, asmatikoa, eta honi lotuta beste hainbat osasun arazo dituena. 2024an, momentuz, pneumonia, A gripea, zer izan den jakin ez dugun zeozer eta seguruenik anginak pasatu ditu, denak ere pediatrak jarraipenik egin gabe. Behar ez zituen plakak egin dizkiote, kortikoideak hartu ditu, gehiegi ziur asko, batere kontrolik gabe ventolin hartu du, bizpahiru antibiotiko ezberdin... Eta hau dena «prozedura» horri esker. Ez, Puig anderea, ez! Zuen «prozedurak» ez du inondik inora gure haurrak artatuak egotea bermatzen. Nire semea jarraipena behar duen haur bat da, nire semea zuen «prozedurak» bermatzen ez duen pediatria zerbitzua behar duen haur bat da.

244/1994 Foru Dekretuak dio: «1 Art. 1. 3. Adin pediatrikoan dauden herritarrek, kasuan kasuko Oinarrizko Osasun Eskualdearen Lehen Osasun Laguntzako Egituraren plantilan mediku pediatrarik ez baldin badago, Oinarrizko Osasun Eskualde horretako famili mediku bat edo bizitokiaren arabera dagokien Osasun Barrutiko beste pediatra bat aukeratzen ahalko dute».

Bi aldiz saiatu naiz hau bete dadin, bi aldiz eskatu dut nire semeei gure Osasun Eskualdeko beste pediatra bat izendatu diezaieten, baina bietan ezezkoa jaso dut, zure erantzuna eta «prozedura» aipatuz. Zuen legeek gure haurrei erreferentziazko pediatra izatea bermatzen die, baina zuen «prozedura» dela eta, ez da legea betetzen.

Udaberrian sartu gara, eta ondorioz, haurren artean, udaberriari lotuta izaten diren zenbait osasun arazo ere azalduko dira. Nork artatuko ditu gure haurrak? Iruñera joan etorrian ibili beharko dugu, behin eta berriz, aldioro mediku ezberdin batek ikus ditzan, batere jarraipen posibilitaterik gabe?

Zure erantzunean pediatra falta dagoela ere aipatzen duzu, eta arrazoia duzula suposatzen dut. Baina Iruñea eta Iruñerriko haurrek arazo hau landa eremuko umeek adina pairatzen dute? Nik ezetz esango nuke!

Nafarroako Gobernuak hainbat aldiz aipatzen dituen landa eremuaren arazoetako bat da hau. Landa eremua mantentzearen aldeko politikak behar dituzue? Landa eremua hustutzearen aurkako ekimen ezin hobeagoa nahi duzue? Hemen proposamena: erraztu iezaguzue bizitza haurrak ditugun eta landa eremuan bizi nahi eta garen familiei. Ez utzi gure haurrak eta beraien beharrak bigarren maila batean.

Urte honetako lehen bi hilabete eta erdian hainbat aldiz egin dut Iruñeko San Martinetik joan etorria semearekin. Dirutan ze kostu duen badakizu? Galdutako lanorduak, erregaia, autopistako ordainsariak, OTA... Eta emozionalki duen kostua? Autoko ispilutik begiratzean haurra pattal ikustea, eguraldi txarrarekin bide luzea, larrialdietan eman behar ez genituzkeen azalpenak eman beharra, urgentzietako pediatrak «osasun etxean jarraipena egin dezaiola bere pediatrak» esaten dizunean, jakitun zu hori ez dela horrela izanen...

Atera zaitezte behingoz zuen Iruñeko bulegoetatik, etorri landa eremuko herrietara, eta ikus ezazue zer suposatzen digun herrietako familiei zuen «prozedurak».

Tokian tokiko konponbideak behar dira, joka ezazue ausardiaz behingoz, eta arazoari bertara egokitutako irtenbideak eman. Leitzaren kasuan badakigu arazoa urte mordoxka baterako konpondu lezakeen irtenbide bat badela, baina borondate eta ausardia politikoa eskatzen duen irtenbidea da.

Eta bukatzeko, eskerrik asko Leitzako Osasun Etxeko langileei, eta bereziki Maddi eta Sandrari, nire umeengan jarri duzuen arreta pertsonalarengatik. Bihotzez, eskerrik asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.