Ez dakit zein diren Pablo Gonzalezek bere lanbidean egiten dituenak, baina ez dirudi freelance-kazetaritzaz kanpoko ezer dagoenik. Esango nuke ohikoa dela jarduera horretan gobernuetako zerbitzuekin kontaktuak izatea, eta horrek ez du zertan delitua izan.
Ukrainako gerra inolaz ere ez dut justifikatuko, ez errusiar espantsionismoa, ezta Putinen sistema autokratiko eta errepresiboa ere. Baina ez dut onartuko zuritzea hainbesteko onkeriaz tratatzen duten eta ultraeskuinarekin hain estuki lotuta dagoen Zelenskiren erregimena. Horrek, ekialdeko auzokoak legez, askatasunak urratu eta sarraskiak eragin ditu, baita gerra hasi aurretik ere.
Zilegitzat joko ote da Pabloren espetxealdia, Errusiarrentzat zelatatzen zuela frogatuz gero? Gauza bera gertatuko ote zen ukrainarrentzat, CIArentzat edo Mossadentzat aritu balitz? Pentsatze hutsak goragalea eragiten du.
Mendebaldeko herriek askatutako preso guztiak espioiak dira, eta Errusiak askatutakoak, arrazoi barik espetxeratutako aktibistak? Zer dela-eta Poloniako justiziak ezin izan du frogarik aurkitu Pablok bertan emandako bi urteetan, eta orain, bat-batean, bere esku ez dagoela, aurkeztu nahi ditu? Zelan liteke gertatutakoak hain modu arinean argitaratu dituztenak El Mundo-ko balizko kazetariak izatea? Ez da komunikabide hori egiazko kazetaritza konprometitua egiteagatik famatua.
Egoera guztiz polarizatu honetan, Pavel biktima ezin hobea da maila eman ez dutenek euren kontzientzia eta irudia garbitu dezaten.
Historia hau amaituko da Pavelek familiarekin bat egiten duenean. Akaso, berari aditzea pertsona askorentzat lagungarria izango da, begiak zabaldu eta euren kabuz pentsatzen hasteko.