HLHIP Patxi Larrainzar eskolako irakasle klaustroaren izenean

Patxi Larrainzar eskolako irakasleok Hezkuntza Sistema Publiko eta euskaldunaren alde beti!

Lide Hernandorena Largo eta Hodei Tapia Rico
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Ikasturte amaiera izanda, balantzea egitea dagokigu. Urtero bezala, hamaika bizipen izan ditugu. Horien artean, asko markatu gaituena, eskolaldi motaren eztabaida eta bozketa prozesua. Eztabaida amaitu da, hurrengo lau urteetan gutxienez. Eta esan dezakegu prozesua luzea eta gogorra izan dela. Are gehiago, Hezkuntza Departamentuak irakasleoi hitza kendu izana pairatu genuen eta erraietatik eman genituen eztabaida bortitzetan buru-belarri sartu ginen. Hamaika entzun behar izan ditugu. Honen aurrean ozen eta argi esan nahi dugu gure ogibidearen funtsa gure ikasleengan dagoela eta momentu oro beraien integritatean eta ongizatean jarri dugula arreta. Beraz, ez ditugu ahanzturan utzi nahi azken ikasturte hauetan gure balio etiko eta moralak zapuzteko saiakerak.

Hezkuntza sistema publikoko langileak gara. Benetan sinisten dugu sistema publikoaren ezinbestekotasunean. Egiten dugun lanaz eta gizartean betetzen dugun funtzioaz harro gaude, Osasun Sistema Publikoan lan egiten duten langileez harro gauden bezala. Zerbitzu publikoak gizarte honetan ditugun altxorrik preziatuenak dira. Are gehiago gaur egun bizi dugun oldarraldi neoliberalaren aurrean. Horregatik, horien defentsan eta bertako langileen defentsan aritzea beharrezkotzat jotzen dugu. Merezi dugun errekonozimendua eta errespetua, besterik ez.

Azkeneko ikasturte hauetan indar eta denbora asko inbertitu du hezkuntza komunitateak eskolaldi motaren inguruko eztabaidan, sektore desberdinen artean talka eginez. Bitartean, garaile atera den bakarra Hezkuntza Departamentua izan da, benetan hezkuntza sistema publikoak behar dituen aldaketa eta hobekuntzei muzin egiten jarraitu duelako: 0-3 zikloaren egoera tamalgarria, ratioak, interinitatearen gehiegizkotasuna, gainzama burokratikoa, erosteko ahalmenaren galera... Hor daude Hezkuntza Sistema Publikoa hobetzeko gakoak, hezkuntza komunitate osoak hor inbertitu behar ditu indar guztiak.

Oporrak ate joka ditugu, baina hurrengo ikasturtean indartsuago bueltatuko gara, eta jakin ezazue aldarrikapen horiek guztiak errealitate bihurtzeko borrokatuko dugula. Bertan ikusiko dugu elkar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.