Ukrainako Parlamentuan borrokan ari diren politikarien irudiak ikustean, barre egiten dugu. Belen Estebani arrautza botaz gero edota koalen kontra neurriak hartu dituen Australiako ministroaren kontra tarta jaurtiz gero, irri keinu bat ere egiten dugu. Ez hori bakarrik, elkarte, peña eta taberna askotan mintzagai izan ohi da. Barcina iritsi arte. UPNren lehendakariak tarta jaso eta berria beste atal batzuetara ekarri zuten, irriak eta txantxak amaitu ziren. Auzitegi Nazionala, espetxe zigorrak, atxiloketak eta bestelakoak azaldu zaizkigu, Barcinaren estrategia zitalari men eginez. Onartezina iruditzen zait ekintza baketsuaren eta zigorraren artean dagoen aldea.
Bestalde, UPNk hauteskundeak galdu eta astebetera eginen dituen adierazpenak imajinatzen ditut: «Gobernu berriak Nafarroa geldiaraziko du».
Geldi dezatela, aski da! Astakeria galantak diren proiektuak, azpiegitura berriak, zertxobait azkarragoa joanen den trena, ibaia zertxobait laburrago zeharkatuko duen zubia, pilota hobeki ikusita hutsik egonen den pilotalekua eta abar. Aski da! Patxadaz bizi nahi dut. Negozio galanta egiten duten horien Nafarroa geldi dezatela, mesedez! Are gehiago, osasun etxeetan eta bestelako tokietan murrizketak astero ikusten ditugunean. Gainera, euskaraz bizi nahi dugunon kontrako itotze ekonomikoa areagotu egin da: hedabideak, euskara zerbitzuak eta euskaltegiak diru-laguntzarik gabe utzita.
Niri tartalariak gustatzen zaizkit; gainera, patxadaz eta euskaraz bizi nahi dut.
Zuzendariari
Patxadaz eta euskaraz bizi nahi dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu