ZUZENDARIARI

Pasaiako sarraskiaren urteurrena: amorrua eta inpotentzia

Peio Aizpuru.
Pasaian erail zuten Dioni Aizpururen anaia (Azpeitia)
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Martxoaren 22an, gaurko egunarekin, hogeita hemezortzi urte beteko dira Espainako Poliziak Pasaiako sarraskia burutu zutela.

Rosa Jimenoren atxiloketarekin hasi zen dena. Poliziak Rosa bahitu ondoren, sekulako torturak eraginez prestatu zuten Pasaiako Segada.

Ehunka poliziak(tartean Espainako Guadalajaratik etorritako polizia bereziak, GEOak) gaueko iluntasuna zela medio bortizki tirokatu zituzten gure lau senideak.

Segadaren ondorioak: Pedro Mari Isart Pelitxo, 28 bala zuloz eraila, eta Jose Maria Izura Pelu, 28 bala zuloz eraila.

Hau nahikoa ez, eta mendekua bukatzeko, aurrenengo tiroketan bizirik atera ziren Rafael Delas Txapas eta Dioni Aizpuru Kurro bertatik bertara fusilatu zituzten, 21 eta 36 bala zulo eraginez, hurrenez hurren.

Ikaragarria, sinestezina, baina tamalez horrela gertatu zen.

Ikerketa abiatu zuen epaileak, polizia bat bera ez zuen deklaratzera deitu. Rosaren torturagatik diligentziarik ez zuten egin, eta hilabete gutxiren bueltan auzia artxibatuta gelditu zen.

Gertaera hauek Estatuaren biolentziak eragin duen inpunitatearen adibide garbia dira.

Epaitegietako bidea antzua zela ikusirik, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki genuen. Sei hilabete pasatu ziren aurrenengo bilera lortzeko. Geroztik eduki ditugun bileretan, hitz ederrak bai, baina errekonozimendurik ez. Aurrena, Poliziaren gehiegikerien legea onartu behar zuten. Hau onartu eta gero, 2019. urtean eskaera aurkeztu genuen, gure kasua aztertua izan zedin. Ia hiru urte pasatu dira, eta ez dugu inongo berririk jaso.

Ulertezina egiten zaigu, batetik, Pasaiako sarraskiaren auzian lekuko eta testigantza zuzenak egon arren (Rosa Jimeno, Joseba Merino, Pako Etxeberria), eta, bestetik, epaileak hilketa zantzuak daudela esan arren, nola ez den aurrerapausorik ematen.

Noiz arte itxoin behar dugu? Zerren zain daude? Tamalgarria eta barkaezina izango litzateke lekukoak desagertzea eta auzi honek behar duen aitortza ez ematea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritza hemen gertatu den sufrimendua eskoletara eramaten ari da, baina gure kezkak eta zalantzak ikaragarriak dira. Nork azalduko dizkie ikasleei Rosa Jimenoren bahiketa eta tortura bortitzak? Nork azalduko die ikasleei Pasaian burutu zuten sarraskia? Nola azaldu demokrazia honetan Pasaian fusilaketak egin zituztela? Nola esplikatu gure senideei 113 bala zulo eragin zizkietela eta hau guztia inpunitatean utzi nahi dutela.

Egia, justizia eta errekonozimendua eskatzen urte asko daramatzagu. Bidea luzea, gogorra eta oso krudela egiten ari zaigu... Eta, une hauetan, amorrua eta inpotentzia dira gailentzen ari zaizkigun sentimenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.