Palestinarekin Elkartasuna plataforma

Palestinarekin elkartasuna, sionismoa eta alderdi instituzionalak

Manex Mailharin eta Ines Agirreazkuenaga
2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Urtebete da palestinar erresistentziak burua altxatu eta Israelek inoiz egin duen ofentsibarik bortitzena hasi zuenetik. Tamalez, egoerak okerrera egin du, Israelek ofentsiba areagotu baitu palestinar lurrez harago, Libano, Siria, Yemen eta Iranen aurkako erasoekin. Honen aurrean ez dira gutxi izan Euskal Herrian Palestinaren alde elkartasuna antolatzeko ekimenak. Baina ez gara egoerak merezi duen erantzuna antolatzeko gai izan, eta elkartasun horretan sakontzeko garaia da.

2023ko urrian Palestinarekin Elkartasuna sortu genuen Euskal Herriko hainbat eragilek. Palestinar herriaren erresistentzia eskubidea defendatu eta Mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdiek sionismoarekin dituzten konplizitateak salatzeko helburuarekin.

Argia baita: Israelek ezingo luke jarduten duen inpunitatearekin jardun agente hauen babesik gabe. Eta Euskal Herrian konplizitate hauek zabalak dira. Enpresen arloan, apartheidaren trena eraikitzen ari den CAF edota Israelendako armak ekoizten dituen MTorres, adibidez. 

Baina alderdien egitekoa ere aski agerikoa da.

PSOEk gidatutako espainiar gobernuaren konplizitatea ukaezina da: NATOrekin armada espainiarra Ekialde Hurbileko herrialdeak mehatxatzera bidaliz, edota genozidioaren erdian Israelekin armen salerosketa baimenduz. 

Era berean, EAJren posizioa argi geratu zen 2023ko urrian, «Israelen defendatzeko eskubidea» babestean. Posizio hau, urteetan zehar mantendu duenarekin koherentea da: enpresa israeldarrekin harreman komertzialak bultzatu ditu, tartean, Ertzaintza prestatzeko teknologia israeldarra erosiz. 

PSOEk eta EAJk Ekialde Hurbilean gertatzen ari den sarraskian erantzukizun zuzena dute.

Gure ustez, Palestinarekin elkartasuna adieraztearen parte ezinbestekoa da ere sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi hauek seinalatzea. Palestinaren alde egiteko Israel babesten duten alderdi instituzionalak seinalatu behar ditugu, presioa handitzeko garaia da. 

Hala, problematikotzat jotzen dugu sionismoaren konplize diren alderdien atxikimendua bilatzea Palestina babesteko ekimenetarako. Batetik, alderdi hauei arnasa ematen dielako; aurpegia garbitu dezaketelako, haien jardun erreala aldatu beharrik gabe. Eta Palestinaren aldeko elkartasuna mugatzen duelako, alderdi hauek duten egiteko konplizea seinalatzea oztopatuz.

Palestinari babesa adierazteak ezinbestean lotuta egon beharra du Israelen aurkako borrokari, eta honetarako entitate sionistaren sostengu diren erakundeak seinalatu behar ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.