Txerra Rodriguezen itzulpenari esker ezagutu nuen Sechu Senderen Made in Galiza ipuin liburu zoragarria. Bertan bada narrazio bat, Ouija egin nuen Castelaoren espirituarekin titulukoa, garunean betiko iltzatuta gelditu zitzaidana. Sekula ez diot aski eskertuko Senderi gerora hainbestetan kasik terapia bezala erabili izan dudan metodo hori, ouija mentalarena. Eta, nire kasuan, Joxemi Zumalaberekin egin izan ditut horrelako ia saio guztiak.
Eta azken astebetea arrunt intentsua izan dut ouijagintza horretan, sei egunez BERRIA berriarekin batera gosaltzearen ondorioz. Edo, horri esker, hobeki esanda.
Zeren eta, bai baitago beste saio bat beti egitear dudana, egin egin behar dudala askotan pentsatu baina inoiz bururatu ez dudana. Abiaburua: Jo dezadan atzera 25 urtez —irakurleak uler dezan: nik 37 urte nituen garai hartara—. Eta goiz batez, gosariarekin batera, ohiko periodikoaren partez, urte hartako Euskaldunon Egunkaria-ren ale bat irakur dezadan, Federiko Krutwigen errautsak haizatu zituztenekoa edo Karmelo Landa Basauriko presondegian zegoenekoa edo Urkullu EAJko Bizkaiko bozeramaile zenekoa, konparazione. Zein diseinu ederra ordukoa... Zein landuak infografiak... Zein fina kazetarien lana, argazkilariena barne... Eta kontrazalean Andoni Aizpuru, ETBko aurkezlea: «Ia ez dut Euskadi hitza erabiltzen».
Euskadi Irratiarekin ere antzekoa egitea pendiente daukat. Gustura pasatuko nuke egun bat duela 25 urteko EIko egun osoko programazioa entzuten. Susmoa dut flipatuko nukeela zenbat aitzinatu garen konprobatuta. Horixe baita une honetan dudan sentipena. Bai, onartzen dut hau idazten ari naizela Argia astekariak palestinarrekin elkartasunez salbuespenezko ale monografikoa kaleratu zuen aste berean, eta hunkidura horrek sentsazio estrasentsorial ez-erreal horretan ere lagunduko zuen. Atrebitu egin behar da hori egiten!
Atrebentzia, fundamentua eta kalitatea. Aurrera egiteko hiru osagai nagusi. Kontzientea naiz pribilegiatu bat naizela, %90ean euskaraz bizitzen ahal naizelako, baina aipatu ditudan hiru hedabide horiek dira nire bazka nagusia, elikatzen nautenak. Eta zer esan, elikagai funtsezko ere baditudan literatura, antzerki edota musika emaitzekin. Duela mende laurdeneko emariarekin alderatuz gero...
Eta esaten diot Joxemiri: hogeita bost urteren ondoren, pertsona hobeak gaituk. Eta, herri bezala ere, herri hobea gaituk. Ezkerrekoago, feministago, antikapitalistago. Eta badakit errealitate poliedrikoaren zati oso partzial bati erantzuten diola esan berri dudan horrek. Baina horixe da une honetan sentitu eta pentsatzen dudana. BERRIA berriak abduzituta egongo naiz agian. Esoterismoak gain hartu didala pentsatuko duzue. Nolanahi ere den, eta ouijarik inoiz egin ez duzuenok neurria har diezaiozuen, txupito basoari atzamarraz bultzatuta «antikapitalista» hitz luzea deletreatzea gutxienez berrogei segundotako lana da; beraz, lan hori hartu ostean zilegi bekizkit desbariatze txiki horiek.
Hori bai, garbi aitortuko dizuet ez dudala inoiz Joxemiren ustezko espirituaren arraposturik jaso. Medium gisa ere, nire abilezia aski murritza baita. Baina, zer nahi duzue esatea, azken astebetean izan dudan gozatua aurreikuspen guztiez gaindikoa izan da.