ZUZENDARIARI

Oskorri, bihar eguraldi

Iruñea.
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ura. Uharkan oraindik bada ura. Gero eta gutxiago, hori bai, baina oraindik gelditzen zaigu ura, egarria bederen kentzeko adina. Oraingoz... oraingoz... Baina laster geldituko gara ur uher zikin batekin. Urik sartzen ez eta Uharkako urak behera besterik ez du egin. Mende honetan, hain zuzen.

Oskorri, bihar eguraldi. Eta Oskorri bukatzera doa, iluna dator eta bihar eguraldi.

Berriz ere etsaiaren eguzki kiskalgarria dator (joan al zen bada inoiz?). Eta Uharkako ura lurrintzen joanen da; erdal itsaso amaigabearen zeruan hedatzen.

Eta urik inondik ezin ekarri. Garraiatzaile franko badago bazterretan, baina gogoa non da? Apar sortzaile izan nahi dute. Areago, lanean ari diren bakanak dituzte baztertzen, ez ikusten... gaitzesten ez dituztenean. Ur garraiatzaile premiak, aparra maitaleak dira, aparra amoranteak. Xaboi pittin bat noizbehinka bota,ura astindu eta ura goratzen da. Bueno ura ez, aparra da Uharkan gainezka egiten duena.

Aparra da nagusi mundu guztian bezala, baina gure Uharka da idortuko dena, erdal itsasoak jasotzen baititu hainbat ugaldeen emariak, gure ugaldeenak ere bai. Itsasoa ez da agortuko. Ikaragarria da, Uharka ura beharretan eta erdal itsasora gure ugaldetxoak.

Eta aparrak goratu orduko egiten du behera. Aparra eta prozesioa. Han eta hemen prozesioak... Eta prozesioa amaitzean ez da tristura besterik gelditzen. Aparrak eta prozesioak; prozesioak egunero, tristura egunero.

Apar zaleak, haurrak bezala, kontent, ura astindu eta aparra goratu. Ura Uharkari eman beharrean, ura astindu eta lurrintzen lagundu.

Aparra, prozesioa, hileta; bai,hileta-prozesioa dator.

Eta Oskorri badoa, ura badoa, bihar eguraldi, erdal eguraldi.

Madarikazioa zait gelditzen zaidan aterpe bakarra, madarikazioa.

P.D. Nafarroako idazle handiak, Antoñana zenak zioena, oraingo garaiotan baikorra izatea... mozkorturik dagoen seinale. Nik, haren baimenaz, zera gehituko nioke: aparrez dagoela mozkortua, aparrez enpo. Uharka gaixoa! Gu, gaixook!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.