Administrazioan Euskaraz Taldea

Oscar Txibitek uko egin dio ‘Francia’ ele bitan idazteari

Fermin Zabaltza Aleman
2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2009. urtean, herritar batek kexa jarri zuen Arartekoan, errepideetako seinaleetan Francia ele bitan jar zedin (09/589/C kexa). Nafarroako Gobernuak ele bitan jarri zuen handik aurrera.

Azken urte hauetan, ordea, Nafarroako Gobernua berriz ere hasi da Francia gaztelania hutsean jartzen, eta herritar batek berriz ere kexak jarri ditu Arartekoan, seinale horiek ele bitan jar ditzan (Q24/55 eta Q/24/987 kexak). Bada, Oscar Txibitek, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, esan du espainiera hutsean jarriko dituela, Q/24/987 kexari erantzunez. Arartekoak desmuntatu egin dizkio erdara hutsean errotulatzeko «arrazoiak», baina Oscar Txibiteri berdin izan zaio.

Beraz, 2009. urtean eta hamarkada batez posible izan dena, jada ez da. Oscar Txibite beti ahalik eta eragozpen gehien jartzen euskaraz errotulatzeari.

Hauek dira gorabehera juridikoak:

Oscar Txibite kontseilariak dio Espainiako Errepideei buruzko Jarraibideetako 8.1-IC Arauak agintzen duela atzerriko izenak espainiera hutsean idatzi behar direla. Lurralde Kohesiorako Departamenduko kontseilariak jakin beharko luke euskarari buruzko eskumena Nafarroarena dela, eta jarraibide txar bat (lege mailarik ere ez duena!) ez dagoela Nafarroaren eskumenaren gainetik.

Bestalde, Arartekoak oroitarazi dio PSNko kontseilariari:

«8.1- IC Arauan xedatutakoaren inguruan aipatu beharreko lehenengo gaia da instrukzioak herriei egiten diela erreferentzia, eta ez herrialdeei: Beraz, Francia inskripziodun seinaleari ez litzaioke instrukzio hori aplikatuko». Arartekoak hainbat arrazoi gehiago ematen ditu 8.1- IC Araua kasu honetan aplikagarria ez dela argudiatzeko, baina ez ditugu hona ekarriko.

Arartekoak, gainera, oroitarazten du seinaleak ele bitan idatzi behar direla legez; zehazki, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen arabera (testu bateginaren 56. artikulua).

Eta, bukatzeko, Arartekoak oroitarazi dio azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak ere ele bitan jartzera behartzen duela.

Guk gaineratuko genuke honako hau dioela Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako 2025eko Aurrekontuetarako Akordioak: «Nafarroako Gobernuak zainduko du bide-seinaleetan eta karteletan elebitasuna bermatzen dela, Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera».

Baina argi dago Lurralde Kohesiorako kontseilariari dena berdin zaiola: gaztelania hutsean errotulatzen du, kexarik baldin badago esaten du hurrengoetan ele bitan jarriko dituela, baina gero berriz ere erdara hutsean errotulatzen ditu seinale berriak, batzuetan ez dio erantzuten Arartekoari, beste batzuetan berdin zaizkio haren gomendioak eta argudioak (oraingo honetan bezala)...

Aski da! Kontseilari honek (eta bere departamentuak) nahikoa eta sobera erakutsi du bere jarrera euskararekiko. Alderdi euskaltzaleek muga jarri beharko liokete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.