Tuterako administrazio arloko langileek beren lanaren balioa nabarmendu nahi dute Ospitalean egiten ari diren mobilizazioekin. Izan ere, Osasunbidearen funtzionamendua ezinezkoa litzateke langile guztiek beren ekarpena eginen ez balute, eta ulertezina da profesional batzuen eta besteen artean bereizketak egitea.
Lanbide karrerak langile guztien lanaren aitorpena dakar, eta herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko prestakuntza espezifikoa ahalbidetzen du. Era berean, helburuak finkatzeko eta betetzeko prozesuan parte hartzeko aukera ematen digu langileei. Gure postuetan hobekuntzak ezartzea ere ekartzen ahal du, eta horrek eragin zuzena izanen du zerbitzuen kalitatean.
Ez dugu ulertzen Osasun Departamentuak bereizketak egitea kolektibo batzuen eta besteen artean. 2.500 profesional baino gehiago gara lanbide karreraren sistematik kanpo geratu garenak. Erabaki horrekin irudi luke gure lanak ez duela gainerakoenak bezainbesteko garrantzirik.
«Osasun arlokoak ez diren» langileek ere funtsezko zeregina dute Osasunbideak behar bezala funtziona dezan, eta, egungo legeriak lan horren aintzatespena egiteko aukerarik ematen ez badu, Osasun Departamentuak behar dena egin beharko du lan hori aintzat hartua izan dadin.
Osasunbideko administrazio arloko langileak garen aldetik, gure eginkizunak aitortuak izatea eskatzen dugu, gure lana beharrezkoa baita Osasunbideko eremu eta zerbitzu guztietan. Herritarren eta osasun sistemaren arteko harremanaren lehen lerroa gara eta Oinarrizko Osasun Laguntzako eta ospitaleetako zitazioen eta koordinazioaren arduradunak gara, baita herritarren beharrei arreta emateko funtsezko langileak ere, gainerako lankideekin batera.
Osasunbideak hartutako konpromisoa betetzea eskatzen dugu, eta, alde horretatik, exijitzen dugu oraindik lanbide karrera aitortua ez dugun langileen lanbide karrera lehenbailehen garatu dezatela. Hori dela eta, Osasunbideko langile guztiak (osasun arloko langileak eta bestelakoak) animatzen ditugu lantokietan egiten diren aldarrikapenekin bat egitera, guztion lana behar bezala baloratua izan dadin.