ZUZENDARIARI

Osasun publikoaren ginkana bihozgabea

Larreineta (Trapagaran).
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Noiz utzi diogu gizaki izateari Osasun Publikoan? Ez dakit gainerako eskualdeetan, baina Meatzalde eta Ezkerraldean, aspaldi.

4 urteko semea gaixotu zaigu aste honetan, eta ginkana egin behar izan dugu osasun langileren batek artatzeko: hasteko, pediatrarik gabe jarraitzen dugu Trapagarango goiko auzoetan, eta hamar kilometro egin behar izaten ditugu gure umeak osa ditzaten. Jarraitzeko, hamar kilometrora dagoen osasun zentro horretara deitzean, Trapagarango osasun zentrora, alegia, ez dute beti telefonoa hartzen. Beraz, Trapagarango goiko auzoetako gurasook larrialdietako telefonora deitu beste aukerarik ez dugu izaten askotan (eta gero esango digute alferrik betetzen ditugula lineak). Horixe gertatu zitzaigun guri aurreko ostiralean.

Larrialdietako osasun langileak, semearen sintomak entzunda, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko larrialdietara eramateko gomendioa eman zigun; semeak berehalako zaintzak behar zituen. Etxetik arrapaladan atera, umea autoan sartu eta hara abiatu ginen.

San Juan de Dios ospitaleko larrialdiak: kalea jendez lepo, barnea hutsik; harrituta sartu nintzen barrura. Harrerakoari haurraren datuak emandakoan, kalean itxaroteko eskatu zidan. Orduan hasi nintzen ulertzen arestian ikusitako irudia: kale gorrian zutik zain zeuden horiek guztiak semearen moduko pazienteak ziren. I-ka-ra-ga-rri-a! Urtarrila, negua, bost graduko tenperatura kalean, esertzeko toki bat bera ere ez, eta gaixoak bertan, zain.

Normala al da hori? Bidezkoa ez, baina normalizatu al ditugu horrelako egoerak? Ordubeteko itxaronaldia egin nuen semea besoetan nuela, 17 kiloko semea. 45 minutu zain neramanean, bizkarra erdi lehertuta, lurrean esertzea erabaki nuen, haurra nire altzoan jarrita. Eskerrak ilaran zegoen pazienteetako batek barrura sartu eta gurpildun-aulki bat ateratzeko indarra izan zuen; eskaini zidan, eta bihotzez eskertzen diot. Nolanahi ere, zer gertatzen ari da ospitaleetan, kasu honetan San Juan de Diosekoan? Nork erabaki du gaixoak trapuen pare artatzea? Hori al da zaindu eta osatzeko modua?

Badakit, bai, arazo bat baino gehiago dago afera honetan. Hasierako arazoa, hau da, pediatrarik eza eta osasun zentrorako deiak ez hartzea, giza baliabide faltaren ondorioa da; hortaz, kudeaketa txarraren ondorioa. Osasun Publikoan murrizketarik egin izan ez balute eta pandemia egoera aprobetxatu izan balute osasungintza indartzeko, ez genuke honelako problemarik izango orain. Kudeatzaile ezin txarragoak ditugu Eusko Jaurlaritzan, eta ezin koldarragoak, gainera; beti eraso egiten diotelako talderik zaurgarrienari, oraingo honetan haurrei eta Larreineta, Parkotxa-Barrionuevo edo Zugaztieta landaguneei.

San Juan de Dioseko arazoa, ordea, bestelakoa da: bihozberatasun falta ikusten dut nik hemen, enpatia falta, gupida falta, gizatasun falta, azken batean. Gaixorik dagoen giza jendeak ez luke kalean eta zutik itxaron beharko bere txanda noiz iritsiko, are gutxiago neguan. Eta erraza dirudi konponbidea, ospitale horretako korridoreak zabalak eta luzeak baitira; pandemia ezin da edozertarako aitzakia bihurtu. Oso nekeza litzateke aulki batzuk jartzea? Hiru metroko distantziara elkarren artean, hogei bat aulki. Horretarako espazioa bada bertan.

Beste aukera bat ere bada Osasun Publikoaren ginkana bihozgabe hau behingoz bukatzeko: urtarrilaren 23an, igandea, 12:00etan denok EAEko hiriburuetara jotzea; osasun langileekin bat egitea manifestazioan Eusko Jaurlaritzari bat-bateko neurri errealak eskatzeko. Aldarrika dezagun aski dela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.