ZUZENDARIARI

Osaquidecharen enegarren erasoa

Donostia
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Abenduak 2, Euskararen Egunaren bezpera. Hitzordu telefonikoa urologiako espezialistarekin, abuztuan prostatako ebakuntza egin zidanarekin. Kirofanoan ezagutu nuen; anestesista euskaldunak, zortekoa ni, halaxe aurkeztu zidan: «Hauxe da ebakuntza egingo dizuna, euskara ikasten ari da eta moldatzen da euskaraz; egiozu euskaraz». Kaixo eta kaixo; askoz gehiago ez, ordurako erdi lo nengoen.

Irailean izan nuen ebakuntza ondorengo lehen hitzordua berarekin Groseko anbulatorioan. Ez ginen Euskaraldian, baina ahobizi ni eta belarriprest bera, euskaraz egin genuen. Ahalegin handia egin zuen berak euskaraz egiteko, eta trabatzen zenetan erizainaren edo nire laguntza bilatzen zuen. Euskaraz aritu ginen denbora guztian. Hurrengo hitzordua, telefonoz.

Abenduak 2, 08:40. Telefono deiaren zain. Osasunari zegokionez, nire prozesua ondo zihoan. Euskaraldian ginen. Euskaraz egingo genuen, telefonoz ere moldatuko ginen, eta bere ikaste prozesuan urrats bat aurrera egingo genuen elkarrekin…

Rin, rin, rin…

Bai, esan.

Daniel Goñi Irazusta?

Bai, ni naiz.

Daniel Goñi? Te llamo del ambulatorio de Gros. (Ez zen espero nuen sendagilea, ahotsak eta hizkuntzak salatzen zuten).

Bai, bai, zuen deiaren zain nengoen.

Te quiero comunicar qua ya hemos recibido los resultados de la analítica y bla, bla, bla…

Akabo euskaraldia, akabo nire ahobizi rola. Bera bai bocaviva fundamentuzkoa! Handik aurrera espainolez jarraitu genuen. Telefonoa eskegitakoan, bost axola osasun kontuak. Amorrazioa, tristura, etsipena. Neure burua lasaitzen eta ez zigortzen saiatu nintzen, zerbaiterako naiz egina TELP ikastaroa. Berak, ordea, ez zuen horren beharrik. Ondo zizelkatua dauka garunean jarrera supremazista; ez ditu alferrik bere alde Espainiako Konstituzioa, legeak, politikariak, poliziak, armada… Eta haren eskuetan jarri du Osaquidechak gure osasuna.

Zergatik deitu zidan mediku horrek? Nire fitxan ageri da euskaraz jaso nahi dudala arreta. Behin eta berriz egindako eskaera da, beste hainbatetan ukatu eta urratu didalako Osakidetzak euskaraz bizitzeko eskubidea. 40 urte badituzte Osakidetzak eta Eusko (?) Jaurlaritzak. 40 urte! Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.