Ez naiz medikua, ezta osasun-arloko profesionala ere, gure osasun-sistema publikoaren higadura eta endekapena jasaten dituen jubilatu euskaldun apala baizik. Garai batean, beste euskaldun askok bezala, osasun-sistema hori ondo baloratzen zuena. Baina zer gertatu da azken urteotan? Nola eta zergatik degradatu da hainbeste Osakidetza? Esan digutenez, arazoa ez da baliabide ekonomikorik eza, giza baliabiderik eza baizik. Hots, medikuak falta direla. Eta nik neure buruari galdetzen diot: ez al zekiten Osakidetzako buru argiek belaunaldien arteko erreleboa beharko zela? Ez al zegoen jakiterik urte hauetan mediku belaunaldi oso batek erretiroa hartuko zuela? Zer plangintza negargarri egin da? Etsigarria da urte luzeetan ikasle on askok (tartean, nire iloba batek) EHUn Medikuntza ikasteko aukerarik eduki ez izana (fakultate horretako onarpen politika zorrotzak direla eta) eta orain medikuak falta direla esatea. Norbaitek akats horren ardura hartu beharko luke, planifikazio falta ikaragarri horrena.
Eta ez du balio orain mediku hegoamerikarrak kontratatzeak eta gure herriko eskualde euskaldunenetara bidaltzeak. Osasun-arreta duina jasotzeaz gain, geure hizkuntzan ere jaso nahi dugulako. Osakidetzak aitortzen digun eskubidea da, eta ez gaude prest horri uko egiteko.