ZUZENDARIARI

Osakidetzako langileei eskertza

Lekeitio
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gure aita eta gure alaba eta loben aitita hil da. Juan Retolaza Onaindia, Juan Baserri herrian. Duela ia lau urtetik, bere emazte eta zaintzaile fidelak, gure amak, utzi gintuenetik, egunerokotasuna ikaragarri konplikatu zaigu. Batez ere, aitaren gaixotasunak, dementziak, sortzen zituen zailtasunengatik.

Azken pare bat urtean, eserita denbora luzez egotearen ondorioz, aitak zauri larriak izan zituen gorputzeko atal desberdinetan. Bat sendatzen zitzaionerako, beste bat agertzen zen. Ondorioz, astean pare bat aldiz, gutxienez, azal parte horiek garbitu eta sendatu egin behar ziren. Lan hori, astero-astero, anbulatorioko erizainek egiten zioten. Astero. Pandemiako une gogorrenetan ere bai. Gure familia medikua, G.G., une oro aitaren eta gure osasun egoeraren jakitun izan da, eta beharrezko baliabide guztiak eskura jarri dizkigu. Gure familia erizainak, A.A.k, primeran koordinatu ditu egungo osasun larrialdiaren ondorioz etxera etorri behar izan diren erizain desberdinak ere, berak ezin zuenean etorri. Gehienak, ikasketak amaitu berri. Oso profesional onak, gazte hauek ere.

Lerro hauen bitartez, Osakidetzako langile hauei, etxeko guztion partez, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Bene-benetan. Bide batez, gure politikariei, osasun langile hauen eskubideak bermatzea eskatzen diegu, eta beraien lan karga arintzea. Garai zailak bizitzen ari gara osasunari dagokionez; hala eta guztiz ere, langile hauek, gozo eta prestutasunez artatu gaituzte. Eskerrik asko gure aita hain ondo zaintzeagatik.

Eskerrik asko zuri ere, aita, geure aitita maitagarriari, zu zaintzea hain erraz ipintzeagatik. Beti irrifartsu eta alai. Deskantsa eta goraintziak amari. Maite zaitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.