ZUZENDARIARI

Osakidetza

2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ezaguna badugu ere, Osakidetzan bizitzen ari naizen esperientzia partekatu nahi dut. 2022ko abuztuaren erdialdean, belaunean minarekin hasi nintzen. Zutik egonda, jesarrita ala ibiltzen mina geroz eta handiagoa zenez, irailaren bigarren astean Leioako anbulatorioan, familia medikuarekin kontsulta izan nuen. Honek erradiografia egitea agindu zidan.

Urriaren 5ean, Areetako anbulatorioan erradiografia egin zidaten eta astebete beranduago telefonoz, familia medikuak ezer ikusten ez zuenez, erresonantzia magnetikoa premiaz egitea eskatu zidan.

Urriaren azken astean erresonantzia magnetikoa Urdulizko ospitalean egin zidaten.

Azaroaren hasieran, berriro familia medikuarekin, kontsultan, meniskoa apurtuta neukala esan zidan, eta, minarekin jarraitzen nuenez, traumatologia zerbitzura bidali ninduen. Kontsulta otsailaren 23rako eman zidaten.

Traumatologiako zita iritsi da. Traumatologoa atsegina izan da. Hori bai, ezer egin aurretik, 50 urte baino gehiago dauzkadanez ebakuntzarik ez didatela egingo esan dit. Mina kartilagoaren ala meniskoaren eraginez daukadan jakiteko azterketa arina egin dit. Mina kartilagoaren eraginez dudala ondorioztatu du eta bi aukera proposatu dit: infiltrazioa ala errehabilitazioa.

Nik errehabilitazioa nahiago dudala esan diot. Elkar agurtu aurretik, errehabilitaziorako zita emateko deituko didatela esan dit. Eta halaxe suertatu da, arratsaldean bertan errehabilitazio kontsultarako zita eman didate, urriaren 3rako. Hori entzunda otu zaidan bakarra izan da galdetzea urriaren 3a, ea 2023koa ala 2024koa izango ote den.

Nirea ez omen da gauza larria, baina minarekin hasi nintzenetik hamalau hilabete itxarotea tamalgarria bezain lotsagarria da. Eta hori da hori, gure osasungintza publikoaren ibilbide luze bezain amaigabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.