ZUZENDARIARI

Osakidetza, okerretik desagertzera

2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo otsailean 33 urte bete ditut Osakidetzako langile bezala eta denetatik ikusi dut: bere garaian Marcos Merinoren kartzelatzea 90eko hamarkadan LEPan iruzurra egiteagatik, peonadak, autokontzertazioa, ordu estrak nonahi, pribatizazioak, bajen eta oporren ez ordezkatzeak, kontratuak finkoaren egutegiaren araberakoak, azken dimisioak LEPan berriro ere iruzur zantzuak direla medio... Denetarik. Uste nuen jada ezer gutxik txundituko ninduela. Ez bada; Osakidetzak erakutsi dit oraindik txunditzeko ahalmen ikaragarria duela.

Urte eta erdi daramagu jada pandemia honekin. Nik Errenteriako Osasun Zentroan egiten dut lan EAGan (PAC), eta bertako egoera jasangaitza da. Alde batetik, bertako administrariek oraindik ez dugu metro eta erdiko segurtasun distantziarik ez eta bereizketa manpararik gure artean, gure agintariek edozein bileratan dituzten bezala.

PCR guztiak osasun zentroan egiten dira beste askotan ez bezala, ate nagusian egundoko nahas-masak sortuz, bertangurutzatzen dira bere medikura datozenak, pediatriara, larrialdietara, COVID-19an positiboak, negatiboak, asintomatikoak... hor dabiltza guztiak biribilketa alaian.

Esan beharra dago bezeroentzako itxarote aretoetan jada distantziarik ez dela gorde behar, ez dakit nork aginduta. Bestalde, Osakidetzak bere afizio eta ofizioari jarraiki, nahiz eta egoera den bezalakoa den, udako oporren ordezkapeneimuzin egin die, batez ere erizain eta medikuei (ordezkapenak 0) dagokienez.

Hau gutxi balitz, inguruko osasun zentroak itxi ditu 17:00etatik 20:00etara: Lezo (6.045 biztanle), Oiartzun (10.576 biztanle), Errenteria(39.9540 biztanle), Beraun eta Pasaia (16.000 biztanle). Beraz, 72.561 biztanle Errenteriako EAGren (PAC) menpe geratzen da bi mediku, bi erizain eta bi administrari; Osakidetzak dioen bezala, Horario de Verano (udako ordutegia).

Murrizketak direla medio, askotan mostradoreetan aurpegia ematen gauden langileok lotsa ere pasatzen dugu erabiltzaileari zitak, azalpenak eta abar... ematerakoan. Bai, gure enpresak egiten duenagatik edo egiten ez duenagatik, lotsa.

Ez dakit gure agintariek, murrizketak egiten dituzten horiek, zenbat iraungo luketen edo gaitasunik izango luketen mostradorerako, aurpegia emateko gaixoaren aurrean, azaldu ezina azaltzeko, telefonozko zita bat ez dakit noizko emateko... Gu ez gaude Osakidetzari aurpegia ateratzeko, errealitatea kontatzeko baizik, gaixoekingaude; haien kexak eta umore txarrak gehienetan ulergarriak dira.

Pandemiak biluzik harrapatu bagintuen, amaiera ikusten ez den honetan nola bukatuko dugu? Gero hor doaz gure agintariak osasungintzako langileoi omenaldiak egitera... Doazela pikutara, omenaldi gutxiago, eta lan baldintza hobeak behar ditugu, oraindik 2007ko akordioak dirau gure lan-baldintzak arautzen: lotsagabea da. Egoera benetan larria da. Salba dezagun, hobetu dezagun osasun publikoa, kalitatez hornitu dezagun, guztion mesederako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.