ZUZENDARIARI

Oreretan ere erabaki nahi dugu

Orereta
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bejondeiela durangarrei, hirigintza arloan herentziaz jasotako megaproiektu urbanistiko bati buruz bere iritzia emateko aukera izan baitute. Ez dira gutxi antolatutako galdeketan parte hartzera animatu diren pertsonak, zenbait alderdi politikok herritarren parte hartze zuzenaren aurka darabilten politika ikusita. Jakin badakigu galdeketaren emaitza ez dela erabat erabakigarria, erakundeei baitagokie eginkizun hori hartzea; baina, zalantzarik gabe, eredu adierazgarria da herritarren parte hartzeaz mintzatzen garenean. Durangon egin den prozesuak aukera ematen du galdeketak beste herrietara eramateko, eta, berandu baino lehen, polemiko eta eztabaidagarriak diren proiektuen kasuetan lehenbailehen ezarri beharko litzateke.

Oreretan egoera ez da ona. Azken urteotan gero eta berdegune natural gehiago galdu dugu, zementuaren pean. Orain, bi eremu berde natural suntsituko dituzten proiektuak ditugu abian; beste bat Campsaren biltegiak zeuden padura baten eremuan ezarri nahi dute, nahiz eta udalak berak bere txostenetan urez bete daitekeela onartu. Gainera, Pontika auzoan 30 urte inguru daramatzate parke baten zain. Udalak hitza eman zuen, baina oraindik ez da egin; hori bai, bertan autoen aparkaleku bat egingo dute lehenago. Proiektu horiek gauzatzen badira, eremu naturalak galtzeaz gain, gure herria gero eta itoago egongo da, eta mota guztietako kutsadurak gehiago zabalduko dituzte.

Oreretan ere Durango gobernatzen duten alderdiek osatzen dute udal gobernua. Hala ere, zoritxarrez oreretarrontzat, galdeketaren bidea itxia dugu, gobernuak argi esan baitu proiektu horiek blindatu dituela, nahiz eta hiri-parke naturalena alternatiba gisa planteatu zaien. Berdeguneak suntsitzeko ematen den arrazoia aurreko gobernuaren herentzia da, hots, duela ia hogei urte onartu zen Plan Orokorra. Plan hori herritarrek parte hartu gabe burutu zen, eta gauzatzeko epea 2012an bukatzen zen; bederatzi urte pasatu dira eta, legeak dioenez, dagoeneko berritua egon beharko zen, baina ez dute nahi izan.

Hemendik zabaldu nahi dugu guk ere gure herriaren garapenean parte hartu eta erabaki nahi dugula. Ez digu balio egoera desberdinak direla esateak, azken finean borondate kontua baita, herritarroi hitza benetan ematea, aukeren artean ea zer nahiago dugun. Durangon egin bada,Oreretan zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.