Orain hilabete, Errusiar Federazioak borroka hasi zuen Europa ekialdean, eta Ukrainaren aldebakarreko inbasioari ekin zion. Egoeraren larritasunaz ohartzen gara Ukrainako biztanleak herrialdetik alde egiten ikustean, Europako beste leku batzuetara joateko asmoz. Gertakari larri horien ondotik, Barakaldoko Udaletik Ukrainako herriari sostengua emateko zenbait ekimen martxan jarri ziren: ezohiko batzarra, eta elkarretaratzea plazan.
Inbasio horren kontrakoa naiz, eta Ukrainako herriari nire elkartasuna adierazten diot, baina, era berean, Saharar herriaren egoera ere aipatzekoa delakoan nago, are gehiago, Espainiako presidente Pedro Sanchezen azkenengo hitzak entzun ostean. Sanchezek argiki adierazi du Espainia Marokok aurkeztutako autonomia planaren alde dagoela; biratze hori oso kezkagarria da Espainiak izan duen balizko neutraltasuna kontuan hartuta.
Ukrainako herriaren alboan egon behar dugu, baita Saharar herriaren ondoan ere. Horrenbestez, gure udaletik biei neurri bereko sostengua eman behar zaie. Azken asteotan EH Bilduk Madrilen egindako adierazpenak neure egiten ditut. Horietan, argi eta garbi, alderdiak erasotuari sostengua ematen zion, eta Espainiako Gobernuari eskatu ere eskatzen zion, ez neutraltasuna nagusi den jarrera, baizik eta jarrera bat zeinak erasotua babesten duen, Ukrainarekin egin duen bezala. Are gehiago, Mendebaldeko Sahara kolonia espainiar ohia izanda.
Gogoratu nahi dut orain bi urte Barakaldoko EH Bilduk Barakaldo Sahararekin Salam elkartearekin batera aurkeztu zuela SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera zintzilikatzeko ekimena, uda horretan, pandemia sanitarioa zela eta, etortzerik izan ez zuten haurrak omentzeko. Horrekin lotuta, aipatu beharra daukat Barakaldoko udal gobernuak ekimen horri uko egin ziola, batetik, Barakaldora haur sahararrak etortzeaz gain Txernobylgo (Ukraina) haurrak ere etortzen zirelako, eta, bestetik, udal gobernuaren ikuspuntutik, azkenengo horiek bazterrera, nolabait esateko, geratzen zirelako. Hortaz, ekitate-printzipio horri eutsiz, gure herriak Saharar herriaren alboan ere egon beharko luke.
Bukatzeko, haur sahararrak gure herrira heltzeko lau hilabete baino ez dira falta. Bada, falta den denbora tarte hori eta Barakaldon haur sahararren egonaldia bera aprobetxatuta, uste dut une aproposa dela ekitate-printzipio hori praktikan jartzeko. Bai Ukrainako herriarekin, baita Saharar herriarekin ere.
ZUZENDARIARI
Oreka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu