ZUZENDARIARI

Orain, presoak kalera!

Juan Kruz Aldasoro, Rafael Laraza <i>Txifli</i>, Felix Altzelai, Juanito Nazabal, Fernando Flores eta Eugenio Ulaiar.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joxe Migel Gaztelu bergarar-etxarriarraren itzulerarekin, 80 urtetan lehenengo aldiz preso politikorik gabeko herria da Bergara. 0 Ohe Huts izeneko ekimenarekin ospatu dute. Bergaratik Etxarrira, eta Etxarritik Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu 0 Ohe Huts ekimena. Horretarako, gatibu segitzen duten 300dik gora euskal herritarren kaleratzea lortu behar dugu. Horietatik zazpi dira etxarriarrak: Unai Parot —1990etik preso—; Asier Karrera —2000tik— Luis Marin?elarena eta Juan Ramon Karasatorre —2001etik—; Jon Gurutz Maiza eta Oihan Barandalla —2007tik—; eta Hodei Ijurko —2008tik—.

Gatazkak eta sufrimenduak markatutako aroa atzean utzi nahi dugu betirako; eta etorkizunari begiratu nahi diogu. Horretarako, ezinbestekoa da arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden herritarren etxeratzea. Bai, baina nola? Nola mugiarazi ukazioaren eta mendekuaren politikan tematuta dauden estatuak? Gure herriaren indarra eta nazioartean lor genezaken babesa dira estatuak mugiarazteko ditugun tresnak. Kataluniatik ikas dezakegu herri bat helburu baten inguruan biltzen denean geldiezina dela. Debekatua zegoen galdeketa egin eta Espainiako Konstituzioan kabitzen ez den Errepublika aldarrikatu dute. Bidearen amaierara iristeko oztopo ugari gainditu beharko dituzte oraindik, baina egunetik egunera beraien helburuetatik hurbilago daude.

Presoen aferan, armagabetzearen inguruan bezala, herri gisa jokatzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Armagabetzean helburua lortu zen; orain presoen eremuan Frantziako Gobernua mugiaraztea da helburua. Herri gisako batasunarekin batera, indarra erakutsi behar da orain, horregatik da hain garrantzitsua abenduaren 9an Parisko kaleak betetzea. Frantziako Gobernua mugiaraztea lortzen bada, gero eta isolatuago aurkituko da Espainia bere itxitasunean. Herri gisa jokatu behar honetan berebiziko ardura dute euskal preso politikoek. Amaitu berri duten eztabaidan erabaki sendoak hartu dituzte beraien ekarpena kalera begira jartzeko, herriarekin batera askatasunera eta benetako bakera eramanen gaituen bidea egiteko. Herriaren garaia da, gu guztion garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.