ZUZENDARIARI

Oporrak bakean

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Orain 25 urte gure elkartea Barakaldoko Errekaortu auzoan sortu zen, helburu argi batekin: Saharar Herriari laguntzea. Horretarako hainbat proiektu garatu ditugu Saharako errefuxiatu kanpalekuetan zein gure herrian bertan. Iaz proiektu berritzaile bat martxan jarri genuen, non neskak protagonistak izan baitziren. Hori guztia abian jartzeko hemen sortutako bi proiektu lotu genituen: batetik, Deustuko Unibertsitateko Inspira ekimena, eta Bubisher, bestetik. Lehenengoak zientzia esparruan dihardu eta emakumearen figura dauka ardatz. Bigarrena Saharan dauden hainbat liburutegik sortua da eta irakurmena sustatzea du helburu; haurrek eskolak jaso eta gero zentro horietara jotzen dute liburuak irakurtzeko asmoz.

Urtero urtarrilean errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketa egiten dugu. Herriko ikastetxe guztiek parte hartzen dute, eta herriak ekimena begi onez ikusten du. Bestalde, gatazka politikoaren gaineko solasaldiak bultzatzen ditugu.

Baina gure proiekturik inportanteena beti izan da Oporrak Bakean programa. Eta haur saharar asko gure herritik pasatu dira behar bezalako eta merezitako udak emateko. Basamortuan sufritu behar dituzten tenperaturak hain muturrekoak dira, ezen programa hau beharrezkoa delakoan gauden. Haurrak herriaren geroa direla kontuan hartuta, ezinbestekoa zaigu Oporrak Bakean zaintzea eta sustatzea.

Gure elkargoa jaio zenean, gogoan dugu familia-harrerak lortzeko ez genuela gaur egun dugun beste arazo izaten; urte askotan itxaron zerrenda sortu beharra geneukan. Lehenengo urteetan, 25 haur Barakaldora ekartzea lortu genuen; alta, gaur egun garai oparo horietatik oso urrun gaude: 2019an zazpi haur etorri ziren, eta 2022an (programa bi urte egon zen garatzeke COVID-19ak eraginda), bi haur baino ez. Jakitun gara lehenengo urteetako garaiak inoiz ez direla bueltatuko, baina behintzat beheranzko joera horri amaiera eman nahi diogu. Beraz, familia-harrerak behar ditugu haur sahararrek ere udaz gozatu ahal izateko. Lagunduko diguzu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.