Altsasuko gertakarien harira, informazioa kontrastatu aurretik alderdi, instituzio eta komunikabide batzuk Guardia Zibilak emandako bertsio ofiziala defendatu eta kaka zabaltzeari ekin diote.
Horrela, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, «horrelako ekintzek bake prozesua oztopatzen» dutela azpimarratuz, bere babes osoa eskaini zien bi guardia zibilei. Ba al zekien, bada, gertakarien nondik norakoa? PNVko bere kideak ere ez ziren motz ibili, PPk Madrileko Kongresuan jarritako adierazpena enpatxu handirik gabe sinatuz. «Guardia zibilek jasandako segada arbuiatu eta ekintzarekiko gaitzespen irmoena» erakusten da. Gerora jakin denez, Guardia Zibilak berak txosten batean aitortu du ez zela egon segadarik Altsasun, nahiz eta fiskaltzak «terrorismo delitua» ikusten duen.
PNVren beso komunikatiboak, EITBk, guardia zibil bat eta Espainiako polizia bat elkarrizketatu zituen, Euskal Herrian bizi duten mehatxu eta egoera latza azalduz. Guardia zibilak mehatxupean bizi al dira? Orain biktimak al dira indar okupatzaileak? Urteetan, Guardia Zibila izan da Euskal Herriko seme-alabak torturatu eta mehatxatu dituena inpunitate osoz. Azken kasua, Altsasun. Ospa mugimenduak adierazi duenez, bi guardia zibilak beren bikotekideen konpainian, bertako herritarrak mehatxatzen eta probokatzen hasi ziren, «te voy a matar» eta «te voy a meter un tiro entre ceja y ceja» esanez; bultzaka eta jarrera oldarkor batekin. Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Altsasuko herritarrei eta atxilotutako bi lagunei. Ospa mugimenduak eta altsasuarrek bide lagun izango gaituzue borroka honetan, eta segi gogor eta tinko errepresioaren aurka lanean, indar okupatzaile guztiak Euskal Herritik alde egin arte!
ZUZENDARIARI
Oñatitik Altsasura, elkartasunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu