Kaixo, ama eta aita. Zuekin biokin batean joan nahi nuke Olentzero egunean kantatzera. Eta ezin omen dut. Orain ere haserretu omen zarete. Eta ezinezko omen da... Hori ere ez? Hori ere ezin al dugu bada elkarrekin egin?
Bai, guraso bananduak ditut, eta ez dut ulertzen zergatik dabiltzan beti ika-mikan. Haurtzaro eta Elizalde. Ama eta aita. Aita eta ama. Batean guraso, bestean langile. Biak maite zaituztet.
Proiektu desberdina omen dugula entzun dut, eta hori ere ez dut ulertzen. Eta min ematen dit, noski, hori entzuteak. Ez al gara, bada, balio beretan oinarritutako hezkuntza euskaldun bertsua eskaintzen ari? Edota horren saiakeran, bederen?
Bateko guraso eta besteko irakasle naizen aldetik, halaxe ikusi izan dut beti, eta ikastetxe batean nahiz bestean gustura eta identifikatua sentituko nintzateke lanerako tenorean...
Desberdintasunak? Desberdintasunak, noski, esango nuke badaudela, baina ene uste apalean ez hezkuntza moldeari dagozkionak, klase sozial baxuko haurren kopuruari dagozkionak baizik. Ahulen tren geltoki nagusia Elizalde da, eta ikastola apeadero... Gosetik, tiro hotsetik, ezerezetik datozen familiak gehienean herriaren periferia izan ohi du bizileku, eta Elizalde ohiko eskola. Ez noski denek, baina bai gehientsuenek. Ahul horiekin lan handia egin behar izaten dugu eskolan, baina benetako aniztasun honek aberastasun ikaragarria ematen dio taldeari, eskolari, eta, nola ez, herriari. Eta joaten dira arian-arian euskara ikasten eta etorkizuna prestatzen. Gainerakoak bezala...
Gazte garaian bi ikastetxeek bat egiteko ametsa nuen. Oraindik ametsak amets jarraitzen du, baina ikusi dut amets guztiak ez direla zabaltzen, loratzen. Asko eta asko korapilatuak geratzen direla, inoiz ireki gabeko opariak bezala...
Baina, sikiera, biok ezin al gara elkarren ondoan, gozamenean Olentzerori kantuka aritu? Horretarako bilerak ere egin behar al dira? Eta bilerak eginda ere, nolatan ez da helmuga sinple horretara iritsi?
Bihotza erdibitua sentitzen dut, erdia ikastolan, erdia Elizalden. Ama eta aita. Ea datorren 2025eko abenduaren 24an elkarrekin kantatzen dugun! Poz hartuko nuke.