ZUZENDARIA 

Okupazioak, memoria berreskuratuz

Tolosa.
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Tolosak badu, Euskal Herriko beste herri askok bezala, bere historia propioa lokalen okupazioan, giza mugimendu ugariren eskutik eginak. Komeni zaigu memoria egin, eta gure herriaren historia berreskuratzea.

Okupazioak ez ziren hasi Bildarratz alkatearen garaian, askoz lehenago baizik. 80ko hamarkadan, gazte talde handi batek Aranburu jauregia okupatu zuen. Gazte ekologistak ziren, feministak, teatro-zirkukoak, gazte asanblada, musika taldeak, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldea... Handik sortu zen Batxurizarpa Tipi Tapa Asanblada, baita izen bereko irrati librea ere. Aranburu jauregiaren ateak udalak itxi zituen egungo liburutegiaren proiektua egin zenean. Baina okupazioak hartu zuen denbora tarte bat, eta gazte talde hark burutu zuen proiektu autogestionatu eta parte hartzaile izugarri polita.

Hurrengo hamarkadetan, joera desberdinetako alkate eta gobernu garaietan, izan ziren okupazioak noizbehinka. Okupatu zuten Igarondo zinema, Artxiboko etxe txikia, egungo Topicen beheko aldea, lehengo udal euskaltegia, Alhondigako suhiltzaileen eraikuntza zaharra...

Eta iritsi zen Antton Izagirre alkatearen garaia, eta orduan ere izan zen okupaziorik. Okupazio horrek bizirik dirau egundaino, eta jende guztiak errespetatzen eta defendatzen du. Tolosa harro dago Bonberenea bezalako proiektu bat izatearekin, baina okupazioa gertatu zenean, izan zen istilurik, eta hainbat talde politikok behin eta berriz eskatzen zuten proiektua botatzea. Itxura batean, zerbait ondo kudeatu zen, hor baitago oraindik ere zutik Bonberenea; Euskal Herri osoan erreferentea da eta urrunago ere bai ziur aski.

Lehen bezala, orain ere gazteriak leku bat bilatu nahi du bere kezkak aurrera ateratzeko eta partekatzeko. Orain ere, lehen bezala, herriko gazteak dira. Aranburu eta antzeko lokalak okupatu zituzten haiek, gaur egun, irakasleak dira, metalgintzako langileak, sindikalistak, artistak, pentsiodunak... badago Lakuako goi kargudunen bat ere. Eman diezaiogun, bada, aukera bat belaunaldi honi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.