ZUZENDARIARI

Oier Gomez SOS

Gasteiz.
2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Minbizia hitza behin eta berriro entzuten dugu. Edonor izan daiteke une honetan gaixotasun horri aurre egiten ari zaiona: lagun bat, lagun baten senide bat, lagun baten lagun bat... edota zu zeu. Gaixotasun latza eta suntsigarria da, eta gure bizitzetan sartu ohi da ohartarazi gabe. Minbizia hitzak larritasuna eta mina sorrarazten ditu. Minbiziari aurre egiteko premia handiz jokatu behar da.

Jakin badakigu minbiziari aurre egitea ez dela erronka erraza; tratamendua arrakastatsua izan dadin, hainbat gauzak berebiziko garrantzia daukate: medikuen artatze egokia, elikadura ona, bizimodu lasaia eta senideen eta lagunen zaintza-lanak eta maitasuna.

Oier Gomez Mielgo Euskal Preso Politiko gasteiztarra Frantziako Fresnes espetxean dago lagunengandik eta senideengandik 980 kilometrotara. Oierrek minbizia dauka: Ewing-en sarkoma; gorputzeko hainbat ataletan antzeman diote, eta gaixotasunaren aurkako tratamendua ematen ari zaizkio: radioterapia eta kimioterapia.

Espetxea ez da minbizia sendatzeko lekurik egokiena. Hori medikuntzako edozein profesionalek berrets dezake. Espetxean Oierrek ezin dio gaixotasunari aurre egin konfiantzazko medikuen laguntzaz; ez dauka egoki elikatzerik; lagunek eta senideek ezin dute behar bezala zaindu, eta ezin diote beren babesa helarazi; izan ere, astean behin baino ezin dute ikusi, eta bisitak bi ordukoak dira. Hortaz, bakardadean eta isolatuta dago. Oierrek gaixotasun lazgarri bati aurre egin behar dio, eta espetxe barruan dauzkan bizi baldintzek ez diote mesederik egingo.

Legeak berak (720-1-1 artikuluak) onartzen du larri gaixorik dauden presoak espetxetik atera daitezkeela. Oierren zigorra etetea eskatu diogu Frantziako Gobernuari, Oierrek baldintza duinak behar baititu gaixotasunari aurre egiteko. Gaixotasun-aldia dela eta, Oierren egoera oso larria da. Legeak adierazten duen bezala, kalean egon behar luke tratamendu egokia edukitzeko. Espetxean iraunaraztea ankerra eta zitala da, mendeku-politika baino ez.

Beharrezkoa da Oierren egoera salatzea. Bestalde, bere zigorra eten dezatela eskatu behar dugu. Gutun hau baliatu nahi dut animatzeko pertsona oro parte hartzera hurrengo asteotan egingo diren ekitaldietan: Baionan, martxoaren 25ean, Bagoaz-ek deitutako manifestazioa; Gasteizen, apirilaren 22an, OiertxoSos-ek antolatutako Elkartasun Eguna; Gasteizen, maiatzaren 6an, Sarek deitutako manifestazioa.

Oier, etxean nahi zaitugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.