ZUZENDARIARI

Oidui: zer hintzen eta non hago?

Zaldibia.
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Otsailaren 4a, larunbata, egun madarikatua gure oroimenerako. Mendiaren esnatzea zoritxarraren lekuko, eta egunaren gainerakoa gure bihotzaren sufrikario. Mendian nenbilen suhiltzaileen kamioiak ikusi nituenean, Aralarko Oidui txabolarako bidean dagoen jentil-harriaren ondoan. Hasieran, mendizaleren bat galdu edo artzain txabolaren batean arazoren bat izango zela uste izan nuen. Nire usteak erdia ustel, ordea. Ez zidan, ez, luzaroan iraun pentsamendu horrek; herriko hiru mendizalerekin topo egin eta horiek dena argitu zidaten arte baino ez. Hasiera batean, entzundakoa sinetsi ezinda, korrika bizian igo nuen txabolara iristeko geratzen zitzaidan aldapa, eta zalantza guztiek, nire begiekin ikusten ari nintzenaz batera, ihes egin zuten. Ezingo nuke hitzez adierazi zer sentimenduk hartu zuen nire barrena: tristurak, amorruak, haserreak, etsipenak, denak nahastu ziren segundo horretan. Bertara inguratu eta bizirik zirauten zatiak paretak zirela ikusi nuen, txabolaren euskarriak. Sarrerako haitzaren enborra ere hantxe zegoen, tente, baita arrano beltza ere, gertatutako triskantzaren lekuko. Hori ikusteaz batera, bertan bizitako momentuak etorri zitzaizkidan gogora: alaiak eta tristeak, pertsona eta lagunarte desberdinekin igarotako uneak. Txabola barrura sartu, eta aurrera egin nuen heinean, txoko bakoitzean igarotako pasarteez gogoratu nintzen. Lagunak etorri zitzaizkidan, batez ere, gogora, huraxe izan baitzen lehenengo oporraldia igaro genuen tokia. Gaztetxoak ginen, eta ingurukoek Saloura edo horrelako tokiren batera joatea aukeratzen bazuten ere, gu motxilak hartuta igotzen ginen gure leku kuttun horretara. Oidui hitza aipatzea nahikoa genuen gure aurpegian irribarrea marrazteko.

Irribarre hori, ordea, malko bihurtu zuten larunbatean. Ezin nuen sinetsi begi aurrean nuena, ezin sinetsi hari su emateko moduko pertsona bihozgaberik egon zitekeenik. Bidegabekeria hori azkenaldian gure artean pil-pilean dagoen gaiarekin lotu nuen zuzenean. Amorrua sentitu nuen, bai, amorrua da hitza. Amorrua eta inpotentzia. Bidegabekeria horrek, ordea, herri osoari egin dio kalte, Oidui Zaldibiaren altxorra baita, herritar guztiok osatzen dugun txokoa. Herritar ororena; haur, gazte zein helduena.

Joan zen asteburuan garbi geratu zen txabola horrek zein sentimendu kuttun dituen zaldibiarrontzat. Malkoak eta haserrea nagusi baziren ere, gauza bat argi genuen: orain arte igarotako bizipen horiek guztiak bizitzen jarraituko dugula. Denon artean, auzolanean, eraikiko dugu Oidui.

Maite duguna ez da sekula galtzen utzi behar, euts diezaiogun irribarreari, oraindik ere milaka momentu bizitzeko gaude-eta txabola maite horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.