Euskararen Defentsarako Sarea

Oibarren euskaraz; D eredua Nafarroa guzian!

Fermin Zabaltza Aleman
2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

2019. urtetik hona, Nafarroako Gobernuak era guzietako trabak jarri dizkio D eredua zabaltzeari: Mendigorrian, D eredua lortzeko, hilabeteak eman behar izan zituzten borrokan, mobilizatzen, erakundeetara jotzen, eta epaitegietara ere jo behar izan zuten; Lezkairuko ikastetxean, ez zuten informaziorik eman D ereduari buruz; Larragan ere mobilizatu behar izan zuten; Lerinen, nahiz eta behar adina familiek eskatu, Nafarroako Gobernuak esan zien «ez zegoela lekurik» D eredurako, eta familiek etsi egin zuten; Barañaingo Alaitz institutuan lerro bat kendu behar dute, jakinik ere behar adina aurrematrikulazio badirela; Oibarren, haur eskola sortzea ukatu die, eskaera guziak D eredurako zirelako... Nahikoa da!

Gainera, euskarari kalte egiteaz gain, landa-eremuan bizitzeari eragozpen gehiago jartzen dizkio gobernu honek: hala izaten ari da Oibarren. Nafarroan, maiz ikusi da D eredua dela herri txikietako biziari eusteko modu bat. Esaterako, Antzinen, Lokiz eskolak gero eta haur gutxiago zituen, eta, D eredua ezartzearekin, ikasle kopurua bikoiztu egin zen. Are gehiago: orain, kabitu ezinik dabiltza, eta Nafarroako Gobernuak, promesak promesa, ez du ikastetxea handitu, eta ez du inolako erraztasunik ematen landa eremuan bizitzeko.

Argi dago Hezkuntza Departamentua edozertarako prest dagoela euskararen kontra jotzeko. Horregatik, elkarretaratze bat egiteko deia egin dugu: uztailaren 2an, asteartea, 12:00etan, PSOEren egoitzaren aurrean. D eredua Nafarroa guzian! Euskarafobiari planto!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.