ZUZENDARIARI

Odol gaiztoa egin

Cambrils
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Cambrilsen gaude, hoteleko harrera-lekuan. Harreragileak, euskaraz ari garela jabeturik, ikasitako hitz solteak (egun on!, neska polita...) zuzendu dizkigu. Horretaz baliatuta, Cambrilseko katalanaren erabileraz aritu gara. «Zer pentsatzen zenuten, bada, Katalunian guztiek egiten dutela katalanez, ala? Hemen hotelean langile asko andaluziarrak, galegoak... dira, eta oso ondo konpontzen gara espainolez». Beharra zuen behazuna kanporatzeko, mihiak gogoa salatzeko. «Nik katalana etxean bakarrik egiten dut. Gainera, hemen oso kosmopolitak gara».

Bakarrizketak ez zuen etenik, eta hobeto ulertze aldera, anekdota batez apaindu digu. «Behin, independentista bezero batek katalanez ez egitearren harreragile bati negar eragin zion, eta hori ez dut inoiz ahaztuko». Aldamenean praktikak egiten zegoen neskatxoak, entzundakoak motibatuta-edo, telefonoz deitutako hori katalanez mintzatuz gero, espainolez egiteko esaten diola esan zigun. «Zuek Euskadin Urkullurekin ondo bizi zarete, ez duzue tamaina horietako arazorik».

Bai, neuk ere hori pentsatu dut, independentista eta euskalduna izan beharrean autonomista eta erdalduna izanez gero lasaiago biziko nintzatekeela, eta ez nukeela odol gaiztorik egingo; baina berandu aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.