ZUZENDARIARI

Nork berea, denontzat mesedea?

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zenbaki zalea ez banaiz ere, zentzumen guztien jabe naizenetik, segur aski,hirua jaun eta jabe izan da une oro, nonahi. Bidelagun zein bide makur izan, nonbait, iltzatuta daukat nire baitan. Dirudienez, hiru osagai (osasuna, maitasuna eta dirua) ditugu, hiru kolore batik bat (gorria, horia eta urdina), hiru otordu nagusi (gosaria, bazkaria eta afaria), hiru zeregin (seme-alabak izan, liburua idatzi eta zuhaitza landatu), hirutan zatitua Euskal Herria, hiru izenordain, (ni, zu/hi, hura), eta hiru urte baita ere COVID-19ak etxe zuloan utzarazi gintuela...

Arestian aitatutako hondar hirurak baliatu nahi nituzke azken hamarkadotan bizimodua zenbateraino aldatu dugun, diguten, plazaratu nahian. Izan ere, enparantza guztiak hustu genituen egunetik gauera. Negu gorria bukatu berritan, udaberriaren gorria pairatu behar izan genuen oharkabean. Geronen etxean preso sartu gintuzten. Lehorreko bolantetan sartuta, beste sare batzuetan murgildu ginen eguneroko zereginei eutsi geniezaien. Bestelako ohitura bitxi batzuk ere arrunt bilakatu genituen: ezagun, lagun, senide, lankideen arteko elkarrizketa xelebreak; arratsaldeko zortzietako txalo-zaparrada amaigabeak...

Hori guztia eta areago. Egoera hura zein krudela izan genuen aintzat hartuta, nik, behinik behin, izan banuen esperantza nanorik eskuzabalagoak izango ginela ordutik aitzinera. Izan bai, uste ere halatsu. Izan ere, hartan ere usteak erdia ustel. Gehienak egoera bertsuan egonagatik, makina bat euri egin du orduz geroztik. Guztiok ahaztu nahi izan dugu etxealdi hura. Askok eta askok, aldiz, antza denez, betiko ahantzi dute.

Hilabete haietan bolo-bolo hedatu zen bakartze hark gehiago elkartuko gintuela, elkartasun handiagoa izango genuela, elkarri gehiago lagunduko geniola... Ez zen ez ahuntzaren gauerdiko eztula, inondik inora ere. Haizeak eraman zituen asmo guztiak, tokitara, gainera. Gordin asko esaten dute bai hamaika ikusteko jaioak garela, berez, hamalau izan behar genukeenean halakoetan. Nork bere zilborra du behatoki, inguruak itsu bihurtzeraino. Lauso dago dena. Lauri so dihardugu bizirauten, hamaikari begira bizi beharrean.

Beharbada ezkorregi nabilela iritziko dio baten batek. Izan liteke. Nolanahi ere, gogoan ditut ume koskorretan amaren baserri-auzoan bizi izandakoak. Zein gustura jardun ohi zuten bata bestearen baratzean lurra jorratzen, patata-errenkadak egiten... Auzolana, hitz erakargarria izateaz gain, eguneroko bizimoduaren ezinbesteko ongarri zen.

Hori gutxi ez eta, alderdi politiko guztiek dagoeneko ekin diote lau urtean behin herritarroi bozka-bazka oparitzeko antzezlana egiteari. Nork berea eskainiko digu. Denok oso gogoan gauzkate azken boladan. Nor bereari eutsi nahian dabil, egiatan guztion benetako beharrak zein diren zehatz-mehatz hausnartzeke. Ardiak, hausnarrean aritu zein ez, gutxi/asko izan, denak batera ibili ohi dira. Gizaki aditu jakintsuok ergeltzat ditugu. Hala ere, ez genbiltzake batere oker horien bide bera hartuko bagenu inoiz.

Horretarako, lehenik eta behin, ez litzateke erokeria azken mendean emakumeek egin izan dituzten hainbat egitasmori erreparatzea. Lehena, 2006. urtean sortu zuten Ahotsak taldea. Bertan, ia alderdi politiko guztietako zenbait emakumek hartu zuen parte. Hurrena, 2018an, Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatu zuten greba. Biek ala biek zoko guztietako hautsak izugarri harrotu zituztelakoan nago. Bestelakoetan ere erakutsi izan digute aparteko gaitasuna dutela berekoikeriari muzin egin eta elkar babesteko, maitatzeko... Izan andrazko, gizonezko, ez bitar zein dena delakoa, denok osatzen dugu jendartea. Hortaz, bihur ditzagun elkartasuna, babesa, zaintza jendearen arte.

Maiz aitortu izan dut ez ditudala batere gustuko zenbakiak. Gainera, ziur naiz nire buruari harrika aritzea dela. Dena dela, ederra litzateke, esaterako, behingoz, hiruak jota egon beharrean, bat, bakarra eta ezin hobeak bagina. Hots,ni, hi/zu, hura singular horiek gu plural kolektibo izanda, oso bestelakoa izango litzateke guztia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.