Zuzendariari

Nor zinen Binta Keita?

Oiartzun.
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Zure izena irakurri dut, eta ezpainetan itsatsia gelditu zait. Binta Keita. 42 urte. Hiru seme-alabaren ama. Senegal. Gure Euskal Herri zoragarri honetako etxe eder batean gizon xuriak hil zaitu, Binta Keita. Ondoren, bere buruaz beste egin du. Zenbat aldiz ez den istorio bera errepikatzen: «Andrea hil ondoren bere buruaz beste egin du». Eta oihu egiteko gogoa sartzen zait: egin zeure buruaz beste, nahi baduzu, baina utzi nahi duenari bizitzen. Andrea ez da zurea, ez zara haren jabea! Gizon zuriak hil zaitu, Binta Keita, bere bizitzaren amaieran zegoen 85 urteko gizon miserableak. Eta zutaz ez dakigu ezer, zure izena soilik, adina, amatasuna. Zure azalaren kolorea, beltza, berriro ere txuri batek ezabatu du.

«Gizon bat hilik agertu da etxe okupatu batean; gorpuak armairu batean gordeta zeramatzan egunak». Berri txiki bitxia, irudi eta soinu bortitzarekin. Gero jakin dugu Moses Kargbo zela, Sierra Leonakoa. Oraingoan ere badirudi mendebaldeko batek eraila, estatubatuar batek. Afrikako gizon hura ezagutu zenuten hemengo batzuek bere istorioa irakurle guztiekin partekatu nahi izan duzue, eta, horrengatik, eskerrak eman nahi dizkizuet. Horrela jakin ahal izan dugu Moses Kargbo gizon jatorra eta umoretsua zela, ipuinak edo kantak gozatzen dituzten horietakoa. Horrela jakin dugu lan bila zebilela tailerretan, eta okupa behartua zela, aterperik ez baitzuen. hHren istorioaz zerbait jakitea lagungarria da indiferentzia ezabatzeko, berri txikiek sorrarazten diguten sentsazio arraroa desorekatzeko.

Nire seme txikia lapitz zuriarekin pareta zurian marrazten saiatzen ari da. «Zergatik ez da ikusten marrazkia?», galdetzen dit. «Zuria zuriaren gainean ez baita antzematen». Ez dugu ikusi nahi nola eraiki den gure boterearen marra. Ez dugu jakin nahi mundu Zuria nola aberastu den, nondik atera den hemen dugun erosotasun guztia, nola sortu den batzuk hain aberatsak eta beste batzuk hain pobre izatearen munduko istorio hau. Zeinek marraztu ditu Afrikako herrialdeen mugak? Zenbat lagun hiltzen dira zentzugabeko muga horiengatik? Zergatik Afrikako aberastasuna ez dago afrikarren esku? Nola da posible Afrikako lurrak, eta Afrikako ura, munduko beste potentzien eskuetan egotea? «Marraztu zuriarekin paper beltzaren gainean, orduan marrazkia ikusiko duzu». Eta semetxoak labirinto bat marraztu du. Labirintoaren barnean bazaude, irtenbidea ez dago zure esku, baina bidea egin behar da, bizi nahi baduzu. Marra zuriaren arabera ibili behar da. Labirintoaren irteera bakarra, dirudienez, mendebaldean dago. Baina mendebaldean ere ez dago lekurik afrikarrentzat, eta Afrikatik datorren jendea hemen erraz hiltzen da, hemen bertan edo bidean, itsasoan. Erraz, eta isilean, ez baitakigu ezer ez badugu galdetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.